- Greziako Lesbos uharteko Moria eremuko errefuxiatuak Euskadin hartzeko Eusko Jaurlaritzak eskura dituen baliabideak eskaini zizkien atzo Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari.

Berdintasuneko, Justiziako eta Gizarte politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek egin zien eskaintza, Pedro Sanchezen Gobernuari eta Europar Batasunari bidalitako bi mezuren bitartez. Idatzian azpimarratzen denez, Euskadiko Share proposamena "tresna baliagarria da Europako gobernuen erantzunkidetasun-printzipioa egituratzeko".

Egitasmo honek, egoera zaurgarrian dauden errefuxiatuak zein migratzaileak hartzeko ahaleginaren lurralde-banaketa jasotzen du, hiru parametro kontuan harturik: aberastasuna, biztanleria eta langabezia-tasa.

"Egungo egoera oso larria da, are larriagoa pandemiaren eragina gehitu behar zaionean, eta erantzun humanitario solidarioa, azkarra eta premiazkoa eskatzen du", azaldu du sailburuak, eta eremu horretatik datozen pertsonak hartzeko "gaitasuna" Euskadik baduela azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Europako Batzordearen eta estatu kideen konpromisoa ezinbestekoa da eran-tzun "azkar eta premiazkoa" emateko. "Birkokatze solidario, orekatu eta erantzunkidea" eman behar zaio arazo honi, eta Artolazabalek berretsi du Euskadik "aldeko erabateko jarrera" eskaintzen duela.

Bide batez, gogora ekarri nahi izan du bere sailak diruz laguntzen jarraituko duela Zaporeak euskal erakundeak Lesbosen garatzen duen lagun-tza humanitarioaren egitasmoa.

Bost egun pasa dira sute batek Moriako errefuxiatuen gunea suntsitu zuenetik, eta etxerik gabe geratu diren 12.000 migratzaile baino gehiagok uko egin diote Gobernua eraikitzen ari den aldi baterako gunera joateari.

Kará Tepé du izena gune berri honek; Mitilenetik -Lesbos uharteko hiriburutik- bi kilometrora dago eta ez du inor erakartzen, Gobernuak behin eta berriz esan arren, han kalean baino hobeto egongo direla. Oraingoz 5.000 ohe jarri dituzte.

Ez dago, ordea, osasun-instalaziorik, ez eta urik ere. Greziako Gobernuaren bozeramaile batek atzo adierazi zuenez, "aurreikusita dago jar-tzea", baina ezin izan zuen zehaztu noizko.

Ura egon ala ez, errefuxiatuek ez dute eremu berri horretara joan nahi. Aurreko infernuaren luzapena baino ez zaie iruditzen. Uhartetik lehenbailehen alde egin nahi dute.