- Bigarren Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitarte ospatuko da eta 16 urtetik gorako herritarrek hartuko dute parte. "Baina haur eta nerabeekin ere egin nahi dugu lan, lehenengo edizioan egin genuen bezala. Alde batetik, haurrak gurekin nahi ditugu eragile helduak aktibatu ditzaten, eta bestetik, nerabeekin euren hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta abiatu nahi dugu", azaldu zuen atzo Donostian Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak.

Ikastetxeetan Euskaraldia lantzeko material didaktikoa aurkeztu zuten atzo Koldo Mitxelena Kulturgunean. Hezkuntza ziklo desberdinetarako materiala sortu eta denon eskura jarri dute Ikastolen Elkarteak, Gipuzkoako Urtxintxa eskolak eta Irrien Lagunak elkarteak helburu argi batekin: modu ludikoan zein dinamika egingarrien bitartez, haur eta gazteek Euskaraldiaren berri izatea eta euren inguruko helduei ekimenaren berri ematea.

Agerraldian, Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaile nagusiak, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak hartu zuten parte material didaktikoen sorreran partaide izandako eragileekin batera: Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensio eta Irrien Lagunak elkarteko Garazi Urrusolo.

Dobaranek "egoera latzetik" gatozela azpimarratu zuen, milaka eta milaka ikaslerentzako "arnasguneak" diren ikastetxeak itxita egon direlako eta euskara ikasteko funtsezkoak direlako leku horiek. "Horregatik, seguruenik datozen urteetako ediziorik garrantzitsuenetakoa izan daiteke aurtengo Euskaraldia, jende asko eta asko euskararekin birkonektatu beharra daukagulako", azpimarratu zuen Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.

Bere aldetik, irakaskuntza euskararen biziberritze prozesuaren zutaberik nagusiena dela eta izan dela nabarmendu zuen Amonarrizek. "Euskaldunen kopurua handitu baldin bada, neurri handi batean, irakaskuntzari esker izan da", gogorarazi zuen.

Hala ere, eskolak babesa behar duela esan zuen, esparru ez-formala Hezkuntzan egiten den lanaren osagarri ezinbestekoa delako: "Eskola bakarrik ez da nahikoa. Eskolak babesa behar du familietan, eremu ez-formalean, ikus-entzunezkoetan, aisialdian, eta abar".

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskara lantzeko prestatu dituzte unitate didaktikoak eta hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko eskuragarri jarri dituzte Euskaraldiaren webgunean.

Unitate didaktikoak hiru fasetarako prestatu dituzte. Lehenengoa Euskaraldia baino lehen (irailetik azaroaren 20ra) burutuko da. Euskaraldia girotu, egitasmoaren kon-tzeptuak ezagutu eta bigarren edizioaren zabalkundea sustatzea du helburu. Bigarren fasea Euskaraldiak iraun bitartean egingo da (azaroaren 20tik abenduaren 4ra). Euskaraldiaren ariketari eutsi, bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertu eta hizkun-tza-ohituren inguruan gogoeta aktibatzeko diseinatuta dago. Eta azkenik, hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko da, abenduan. Ariketak iraun bitartean bizitakoa du oinarri, eta hizkun-tza portaera emankorrak sustatzeko jarduerak osatzea du helburu.

Unitate didaktikoak lantzeko eskoletan irakasle zein ikaslez osatutako talde dinamizatzailea osatzea proposatu dute sortzaileek. Euskaradinamizatzaileak izango dira talde horiek eta unitate didaktikoetan agertzen diren jarduerak bidera-tzea izango da haien zeregina.

Irrien Lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazi zuenez, ahalegin berezia egin dute unitate hauek hezkuntza ez-formalera egokitzeko, haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek.

Asmo horrekin Irria aldizkariaren ale monografiko bat garatu dute aurten eta Lehen Hezkun-tzako unitateetan txertatu da tresna pedagogiko osagarri gisa. Aldizkaria bi eta zortzi urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da eta komiki bat, olerkiak, abesti bat eta ipuin bat izango ditu. Aldizkaria urrian kaleratuko da eta Euskal Herriko ikastetxeetan zabalduko dute.

Modu ludikoan zein dinamika egingarrien bitartez, haur eta gazteek Euskaraldiaren berri izatea eta helduei azaltzea da materialaren helburua

Miren Dobaran sailburuordearen ustez, aurtengo Euskaraldiak jende asko eta asko euskararekin birkonektatzeko balioko du