- Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategian, Foru Aldundiarekin batera, Frantziskotarren Ordenak, hainbat unibertsitatek, Oñatiko Udalak, Kutxa Fundazioak eta beste zenbait eragile ekonomiko eta sozialek parte hartu dute. Ingurumena eta gizarte-ekintza izango ditu ardatz, eta bizikidetza, ongizatea, lana eta klima-aldaketa bezalako gaiak jorratuko ditu, betiere hausnarketa prozesuan gizartearen parte hartzea bultzatuz.

Mendozak, bere hitzaldian, "Arantzazu topagune bihurtzea" helburu duen proiektu honen garrantzia azpimarratu zuen, "gure gizarteak etorkizunean, epe ertain eta luzera, oinarrizko premien, bizikidetzaren eta balioen ikuspegitik dituen erronka nagusiei buruz eztabaidatzeko, herritarren inplikazio zuzenaren bidez". Arantzazu Gaur Fundazioari luzatutako laguntza ekonomikoari dagokionez, azaldu zuen, diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko direla erakundeko langileen gastuak, bidaiak, jardunaldien antolaketa, komunikazio-gastuak eta kanpo-aholkularitzak, bai eta espazio fisikoa egokitzeko, sare-azpiegitura instalatzeko eta ekipo informatikoak eta ikus-entzunezko ekipamendua erosteko inbertsioak ere.

Laborategia Gandiaga zentroan kokatuko da, eta udazken honetan bertan martxan jartzea espero dute, Arantzazu "berrikuntza sozialaren ardatz" bihurtzeko.

Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz estrategia eta Arantzazuren arteko "loturak" nabarmendu zituen foru bozeramaileak, eta egungo pandemiaren testuinguruan "horrelako ekimenak martxan jartzea are garrantzitsuagoa" dela azpimarratu zuen.

"Etorkizuna ziurgabetasunez beteta dago, eta, horien aurrean, Gipuzkoa, Etorkizuna Eraikiz-en eskutik, geldirik geratu beharrean, erantzun bila hasi da, modu kolektiboan eta gizarteari irekita", esan du. Ildo horretan aurreratu nahi izan zuen, COVID-19aren bilakaerak "datozen hilabeteak baldintzatuko" dituela, eta pandemiaren osteko agertokian, Aldundiaren "apustu" nagusia "Gipuzkoa kolaboratzailea, solidarioa eta mundura irekia" eraikitzea "izango dela".