Ordizia jendez gainezka egin behar zen aste honetan Euskal Jaietan erabat murgilduta. Bihar, asteazkena, urteko azoka bereziena egingo zen, abere eta barazkien erakusketa eta lehiaketarekin batera. Egungo egoerak hala behartuta, baina, bertan behera gelditu dira ekintza berezi hauek, nahiz eta Ardi Latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako Gazten XLVII. Lehiaketa egingo den. Ez da, ordea, bihar izango ekitaldia, ostiralean baizik.

Txapelketa, gainera, ateak itxita eta jende kopuru mugatuarekin egingo da; gonbidapena duten artzain eta agintariek, epaimahaikideak, antolatzaileek, akreditatutako kazetariek eta enkantean parte hartuko dutenek izango dute Beti Alai pilotalekuan egingo den lehiaketara sar-tzeko aukera, eta gainontzekoek streaming bidez jarraitu ahalko dute, Ordiziako Udalaren Youtube kanalaren bitartez. Ekitaldi itxia izango den arren, enkantea egingo da.

Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea, Miriam Molina, Idiazabal Jatorri izendapenaren gerentea, eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako Leire Arandia eta Jose Inazio Iturrioz izan ziren atzo goizean ekitaldiaren inguruko xehetasunak ematen. "Artzainentzat eta Idiazabal Gaztarentzat urte zail honetan oso lagungarria delako, lehiaketa mantentzeko esfortzua egin du Ordiziako Udalak, urteroko legez, Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiaren laguntzarekin, nola ez, Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren babesarekin, eta urtengoa bezalako urte zail batean, betiko laguntza eskaini digan Kutxa Fundazioaren lagun-tzarekin. Eskerrak bihotzez guztiei", azaldu zuen alkateak.

Iturriozek, bestalde, dei egin zien enkantean parte hartzeko interesa dutenei, nahiz eta garai zailak bizi ditugun, enkantean ateratako diruari esker Ordiziako San Jose egoitzako egoiliarrek hainbat ekintza buru-tzeko aukera izaten baitute.

Neurri bereziak hartuko dituzte antolatzaileek. Pilotalekura sartu behar duten pertsona guztiei tenperatura hartuko zaie termometro digital bidez, eta gel hidroalkoholikoa ere egongo da, maiztasunez eskuak garbitzeko. Noski, musukoa eramatea derrigorrezkoa da, baita epaimahaikideen artean ere, nork bere lekua hartu arte.

Gazta dastaketan ere eragina izango du COVID-19ak. Orain arte, gastronomia adituek lehiaketara aurkezten diren gaztak esku artean hartu izan dituzte, gertutik ikusi eta xehetasunen inguruan albokoarekin hitz egin. Segurtasun distantziak ezarriko dira epaimahaikideen artean, eta, beraz, orain arteko dinamika hori hautsi egingo da. Hain zuzen ere, mahai bakoitzak Kofradiako kide bat izango du arduradun. Honek gazta bere osotasunean gerturatuko du dastatzaileen mahaira, hauek produktua aztertu dezaten, baina ezingo dute gazta ukitu. Ondoren, arduradunak gazta eraman egingo du, bi zatitan moztu, eta erdia dastatzaileei eramango die, gaztaren barneko aldea aztertu dezaten: azala, mamiaren kolorea, eta begiak. Hori egin ondoren, arduradunak berriz ere gazta erdia hartu eta eraman egingo du: beste zati txikiagotan banatuko du eta itxitako ontzi batean sartuko ditu zatiak, dasta-tzaileei gerturatu eta hauek usaina, kolorea, zaporea eta iraunkortasuna puntuatuko dute. Hori egin ostean dastaketaren fitxak jasoko dira eta informatika gunera eraman.

Finalera hamalau gazta pasako dira, eta finalean ere prozedimentu bera izango da. Kofradiako arduradunek gazta erdi bakoitzetik 16 zati moztuko dituzte, epaimahaikide bakoi-tzarentzat bat. Dastaketa egin ostean puntuazioak jaso eta informatika gunera eramango dituzte.

Bihar arte izango dute artzainek txapelketan izena emateko aukera. Azken hamar urteetan hiru aldiz irabazten duenak Urrezko Kutxa Garaikurra eskuratu ahalko du eta aurten bi artzainek dute esku artean aukera hori: Jon Etxebarria eta Julen Arburuak. 13.30erako jakitea espero da zein izango den aurtengo irabazlea.

Epaimahaikideak. Orain arte 27 epaimahaikide egon dira, baina ostiralean 16 izango dira. Juan Mari Arzak lehendakaria aurten ez da bertaratuko.

Urrezko Kutxa Garaikurra. Orain 30 urte inguru sortu zen sari hau eta orain arte bi artzainek soilik eskuratu dute: Jesus Mari Ansolak eta Ricardo Remirok.

Ordutegia. Goizeko 10.30ean hasiko da, eta 12.00etarako jakingo dira 14 finalistak. 13.00ak aldera emaitzak izatea espero da eta segidan sari banaketa egingo da.

1.390

Idiazabal Jatorri Deituraren barnean 124 gaztandegi kokatzen dira aurten, iaz baino bi gehiago. Ekoizpen datuei dagokionez, 1.390.000 kilo produzitu dira, iaz baino %2 gutxiago.