- Hezkuntza Sailak irailean abiatuko den ikasturtean unibertsitate eta goi-ikasketak egiteko bekak eskatzeko epea zabaldu du. Zehazki, urriaren 26ra arte aurkez daitezke eskabideak. Guztira 28,46 milioi euro bideratuko ditu horretara Eusko Jaurlaritzak. Iazko kopuruarekin alderatuta, 2,5 milioi euro gehiago izango dira, batik bat, COVID-19arekin erlazionatutako laguntzengatik.

Aipatutako bekak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren gazteek eska ditzakete, Gradu mailako ikasketak egiteko EAEn edo Estatuan kokatutako edozein unibertsitatetan. Masterrak lortzeko ikasketak egingo dituztenek ere egin ditzakete eskaerak, baita artearen alorreko goi-ikasketak egingo dituztenek ere. 25 urtetik gorakoak unibertsitatera sartzeko prestaketa kurtsoa egin behar dutenek ere lor dezakete beka.

Beka hauen baitan, garraioarekin zerikusia duten gastuak ere lagunduko ditu Hezkuntza Sailak, mugikortasunarekin lotutako behar bereziak dituzten ikasleen kasuan. Zehazki, 100.000 euro bideratuko dituzte laguntza horietara.

Aurtengo berritasun nagusia da eskaera eta tramitazio guztia modu elektronikoan egiteko aukera egongo dela. Gainera, master ofizialentzat gutxieneko notarik ez da eskatuko. Beka partziala lortzeko gutxieneko kreditu kopurua ere 35etik 30era jaitsi dute.

Bestalde, lanean COVIDaren eragina jasan duten pertsonentzat kenkariak aurreikusi ditu Hezkuntza Sailak eta, pandemiaren ondorioz, eskatutako gutxienekoa gainditu ezin izan duten ikasleentzat salbuespenezko egoera onartu dute. Aurreko ikasturtean 10.781 ikaslek lortu zuten beka orokorra.