Auzo lotsa eragiten dute ipuzkoako Foru Aldundiak atzo zabaldutako irudiek. Gipuzkoako mendietako aisialdi-guneak egun askotan musukoak lurrean botata daudela edo antzekoarekin argitzen dira. Horregatik aldarrikatu du Aldundiak eremu horien "erabilera arduratsua", eta herritarrei gogorarazi die hondakinak edukiontzien barruan utzi behar direla, eta, edukiontzirik ez badago edo beteta badaude, gure zaborra hirigune bateko edukiontzietara eraman behar dugula. Agindu horiek ez betetzea 100 eta 1.000 euro arteko isunekin zigortua dago.

Ziurrenik COVID-19ak sortutako egoeraren ondorioz, gune horietan jende gehiago dabilela antzeman da, eta, horrekin batera, hondakinak ere gehitu egin dira, bai dagokien lekuetan utzitakoak, baita bota behar ez diren lekuetan utzitakoak ere. Hori horrela izanik, gogoan izan behar da beti, jende asko dabilelako edota beste edozein arrazoirengatik edukion-tziak beteta dauden lekuetan, erabiltzaileen ardura dela sortutako hondakinak hiriguneetan jarritako edukiontzietara eramatea. Izan ere, "lurrean botata uzten badira, basoko animaliek poltsak apurtzeko eta hondakinak barreiatzeko arriskua baitago".

Halaber, Aldundiak azpimarratu nahi izan du zenbait aisia-gunek ez dutela edukiontzirik, eta leku horietan ezin dela zaborrik bota, mendiko landa-inguruneetan daudelako. Horrelakoetan egin beharrekoa oso sinplea da: etxera bueltatzerakoan, sortutako zaborra eraman, eta hiriguneetan dauden edukiontzietan utzi. Txukunak ez bagara, kalte egiten diegu gainerako erabiltzaileei, naturari eta, gainera, txangoaren faktura mila eurorainokoa izan daiteke, isuna medio.