Nazioarteko entitate garrantzitsuen interesa piztu du Etorkizuna Eraikiz ekimenaren lankidetzazko gobernantza ereduak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Debagoiena D02030 berrikuntza sozialerako plataformarekin batera elkarlanerako proiektu bat abiaraztea ekarri duena. Ikerlan berri baten bitartez, aztertuko dute ea nolako ekarpena egin diezaiokeen lurraldeko berrikuntza sozialerako ereduak klima aldaketaren eta desberdintasun sozialaren aurkako lanari. Besteak beste, ikertuko dituzte berrikuntzarako Euskadiko egitura, muga eta eragile sustatzaileak; euskal kooperatibismoaren printzipioen ahalmena egungo testuinguruan eraldaketa sozial eta ekonomikoa sustatzeko; nahiz berdintasunaren potentziala gaur egungo gizartearen erronkei aurre egiteko balio zentral gisa.

Nazioarteko proiektu hau astelehen goizean abiarazi da, Etorkizuna Eraikiz gunean egindako lan jardunaldi batean. Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunez gain, besteak beste, parte hartu dute D02030, Agirre Lehendakaria Center, Adinberri Fundazioa, Sinnergiak eta SIIS-eko ordezkariak, zeinak batzartu diren telematikoki ELGEko (Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundea) Sektore Publikoko Berrikuntzaren Behatokiko metodoen eta ikuspegien arduradun Angela Hanson-ekin eta Kirsten Dunlopi Climate-KIC-eko zuzendariarekin. Erakundeok, biak ala biak erreferente haien lan esparruetan, interesa agertu dute Etorkizuna Eraikizen berrikuntzarako potentzialaren inguruan eta, honi esker, azaldutako ikerketa abiarazi ahal izango da eta konektatu egingo ditu Gipuzkoako lankidetzazko gobernantza programa eta nazioartean erreferente diren hainbat eragile eta entitate.

ELGEren organoen artean dago Sektore Publikoko Berrikuntzaren Behatokia. Sektore publikoan abian jartzen diren esperientziak batu eta sistematizatzen ditu azken entitate honek. Ekimen honen bitartez, gobernuek praktika berritzaileak partekatu ditzakete eta, aldi berean, plataforma bat eskaintzen du sektore publikoko erakunde berritzaileak inspiratu eta elkarlanean jarri ahal izateko.

Bestalde, karbonorik gabeko ekonomiarantzako transizioa azkartzeko lanean dihardu Climate-KIC ezagutza eta berrikuntza sareak. Berrikuntzaren eta Teknologiaren Europar Institutuaren babespean, egitasmo berritzaileak identifikatzea eta laguntzea du helburu, klima aldaketarekiko egokitzapena sustatuz; ez bakarrik gizartean eta ingurumenean eduki dezakeen eragina murrizteko, baizik eta aukera ekonomiko eta sozial berriak sortzeko. Enpresak, administrazio publikoak, berrikuntza zentroak eta akademiak bat egiten dute Europa mailako sare publiko-pribatu honetan, klima aldaketari muga ezarriko dioten produktu, zerbitzu eta sistemak sustatuz.

Horrez gain, Londreseko University College-ekin ere koordinatuko dute Etorkizuna Eraikizen inguruan egingo den lana.

Berdintasuna eta gizarte inklusioa, oinarrizko balioak

Ikerketan parte hartuko duen entitateen arreta piztu du Etorkizuna Eraikizen elementuetako batek. Hain zuzen ere, teknologiak eta aldaketa sozialek etorkizunean lurraldea nola moldatuko duten aztertzea helburu izateak, beti ere berdintasuna eta inklusio soziala ezinbesteko balio publiko gisa mantenduz. Esperimentazio sozial eta ekonomikoa bultzatzeko garaian Gipuzkoako Foru Aldundiak eragile publikoen, pribatuen, akademikoen eta beste eragile batzuen parte hartzea sustatzeko egindako lana errekonozitzen du, baita ere.

Arrasateko Gizarte Berrikuntza Plataformari (D02030) dagokionez, azpimarratzen dute elkartuta egotea tokiko bi agintaritza garrantzitsu -udalak eta foru aldundia-, sektore pribatua (Mondragon taldea eta beste zenbait enpresa), gizarte zibileko elkarteak eta mundu akademikoa, guztiak batera lurraldearen “bidezko eraldatzea” bultzatzeko, mugimendu kooperatibistak eremu horretan garatu izandako saregintzaren eta demokrazia erradikalaren printzipioak aplikatuz. Ekosistema industrialek egungo zein etorkizuneko erronken aurrean eman beharreko erantzun sistemiko berria nola diseinatu, ezarri eta ebaluatu dezaketen ezagutzeko ahalegina egingo dute ikerketa honen bitartez.

Debagoienako esperientzia, ondorioz, esperimentazio plataforma gisa erabiliko dute ELGE eta Climate-KIC erakundeek abiaraziko duten ikerlanean. Azken horiek, Gipuzkoako eragileekin elkarlean, hainbat ikerketa eta lan jardunaldi burutuko dituzte 2020 eta 2021ean. Ondorioak ELGEren Sektore Publikoko Berrikuntzaren Behatokiaren euskal kasuaren inguruko txosten batean jasoko dira.