- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila 5.039 familiarekin jarri da harremanetan gutun baten bidez, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko baldintzak betetzen dituztela jakinarazteko eta hori eskatzeko izapideen berri emateko.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailak azaldu duenez, Etxebiden izena emanda duten eta legeak ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsonak dira, baina oraindik ez dutenak eskaerarik tramitatu.

Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzeko, hainbat baldintza bete behar dira: adinez nagusia edo adingabe emantzipatua izatea eta etxebizitzarik ez izatea; Etxebiden alokairuko etxebizi-tza babestuaren eskatzaile gisa erregistratuta egotea, gutxienez lau urteko antzinatasunarekin; eta diru-sarrerak mugatuak izatea. Zehazki, honakoak dira muga horiek: hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateek 15.000 eurotik beherako diru-sarrera haztatuak izan behar dituzte urtean; bi kidekoek, 12.000 eurotik beherakoak; eta kide bakarrekoek, 9.000 eurotik beherakoak.

Aste honetan banatzen hasi den jakinarazpenean, gainera, aitorpena izapidetzeko zer urrats egin behar dituzten eta fisikoki eta telematikoki non aurkeztu behar duten jakinarazten zaie hartzaileei.

Gutun guztiek eskaera dute txertatuta. Lurraldearen arabera, 5.039 jakinarazpenak honela banatuta daude: 598 Arabakoak dira, 3.109 Bizkaikoak eta 1.332 Gipuzkoakoak.

"Eskubide subjektiboa aitortzeak alokairu-erregimeneko etxebizi-tza bat esleitzea dakar edota, etxebizitza eskuragarririk ez badago, alokairu pribatua ordaintzeko prestazio ekonomiko bat (gehienez 250 eurokoa hilean) eskura-tzea. Prestazio hori xede horretarako baino ez da erabili behar", azaldu du Etxebizitza Sailak.

Ez da Etxebizitza Sailak horrelako komunikazioak egiten dituen lehen aldia. 2019ko apirilean, 2.860 gutun bidali zitzaizkien Etxebiden izena emanda zuten beste hainbat pertsonari, eskubidea zutela gogorarazteko. Aurreko urtean, berriz, 4.450 pertsonari jakinarazi zitzaien. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Etxebizitza Legea abian jarri zenetik, 4.712 familiari aitortu zaie eskubide subjektiboa Euskadin. Haietatik, 918 Arabakoak dira, 3.228 Bizkaikoak eta 566 Gipuzkoakoak.

+18

18 urte baino gehiago izatea edo adingabe emantzipatua izatea da baldintzetako bat.