- Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiko 1. segurtasun-biltegia handitzeko eman dio Verter Recycling enpresari. Zabalkuntza horretan, 804.000 metro kubiko hondakin bildu ahal izango dira, modu horretan, bilaketa eta egonkortze-lanen jarraipena ziurtatuz. Halaber, dagoeneko eraikita zegoen 140.000 metro kubikoko segurtasun-biltegia eskura izateak, orotara 950.000 metro kubiko zabor inguru biltegiratu ahal izango direla esan nahi du (otsailaren 6an lerratu ziren hondakinen bolumenetik gertu dagoen kantitatea).

Zabortegiaren goialdeko lurretan proiektatua zegoen 2. segurtasun-biltegiarekin alderatuz gero, aurrerapauso handia eman da, azken honen gehieneko edukiera 160.000 metro kubikokoa zelako, azkenean burutuko den handitzea baino bospasei aldiz txikiagoa. "Funtsezko aldagaia da Ingurumen Baimen Integratuaren esparruko kokalekuaren egokitasuna, ingurumen-inpaktu txikia eta epe ertainean induskatu eta mobilizatzen jarraituko diren hondakin lerratuak hartzeko edukiera handiagoa", azaldu dute Ingurumen Sailetik. Horixe izan da aurreikusitakoa aldatzea onartzeko arrazoi nagusia, atzo onartutako dekretuaren aldaketan jasotzen denaren arabera. Proiektu honetarako aurrekontua 13,4 milioi eurokoa izanen da, eta lurrak mugitzera eta ontzia iragaizgatera bideratuta dago gehienbat.

Hori bai, bestelako faktore batzuk ere hartu dira kontuan, adibidez, eraginpeko lursail gehienak zabortegiaren parte direla eta instalazioaren barrutik irisgarriak direla, herriguneetako eremuak zeharkatu behar ez izateko.

Gauzak horrela, biltegi berria eraikitzeko 20 hilabeteko epea aurreikusi da, obrak hainbat fasetan banatuz. Hartara, hasi eta hilabete pasatxoan, 215.000 m³ inguru sartzeko aukera egongo litzateke, lurperatutako bi langileen gorpuak bilatzeko eta isurketak egonkortzeko lanen jarraipena ziurtatuz, DS1 biltegiaren edukiera agortzen bada ere.

Hasieran aipatu bezala, guztira 950.000 metro kubiko zabor biltegiratu ahal izango dira segurtasun-biltegiaren handitzearekin. Eusko Jaurlaritzaren arabera, "edukiera horrek nahikoa marjina eskaintzen du, ez bakarrik presazko lanetan orain ateratako hondakinak pilatzeko, baizik eta enpresa jabeak zabortegia behin betiko egonkortzeko eta erremedia-tzeko lanei ekin ahal izateko ere (lan horiek Ingurumen Administrazioari proposatu behar dizkio)".

Atzera begira, martxoaren 3ko 35/2000 Dekretuan Ingurumen Sailak biltegiak zuzenean eta modu subsidiarioan egikaritzeko erabakia hartu zuen, irristatzeak eragindako urgentzia egoeraren ondorioz, eta, Verter Recycling enpresako jabeak ezbeharraren aurrean zuzenketa-neurriei ekiteko gaitasunik ez zuela adierazi ostean. Hortaz, enpresaren aurka ingurumen-erantzukizuna eskatzeko espedientea hastea erabaki zen, otsailaren 6an eta hurrengo egunetan izandako gertakariengatik sortutako kalteak zirela eta, Ingurumen Erantzukizunari buruzko 26/2007 Legeak ezartzen duenaren arabera.

Bilaketa

Eusko Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegiko 1. segurtasun-biltegia handitzeko eman dio Verter Recycling enpresari. Orotara, 950.000 metro kubiko zabor inguru biltegiratu ahal izango dira, azaldu dutenez.

Aurrekontua

Proiektu honetarako aurrekontua 13,4 milioi eurokoa izango da, eta lurrak mugitzera eta on-tzia iragaizgatera bideratuta dago gehienbat.

Epea

Biltegi berria eraikitzeko 20 hilabeteko epea aurreikusi da, obrak hainbat fasetan banatuz. Hartara, hasi eta hilabete pasatxoan, 215.000 m³ inguru sar-tzeko aukera egongo litzateke, lurperatutako bi langileen gorpuak bilatzeko eta isurketak egonkortzeko lanen jarraipena ziurtatuz.