DONOSTIA. Gipuzkoako enpresetan talentua eta ikaskuntza sustatzeko programaren deialdia aktibatu du Foru Aldundiak, zeinetara guztira 3.120.000 euro bideratuko baititu 2020an. Honako hauekin lotutako programak bultzatuko dira: talentua ekonomia sarean kudeatzea; lanleku lehiakor eta eraldatzaileen ereduak sustatzea; kalitatezko enplegua sustatzea; eta gaitasunak eskuratzeko eta garatzeko dinamikak sustatzea etengabeko ikaskuntzaren ikuspegitik, hezkuntza sistemari lehentasuna emanda. "Pertsonak, haien kualifikazioa, ezagutza, balioak eta garapena enplegagarritasunaren, gure eredu ekonomikoaren, lehiakortasunaren eta lurraldearen etorkizuneko ongizatearen giltzarri dira. Pandemiak eragindako krisiaren testuinguru honetan, programa honekin Gipuzkoa ikasten duen lurraldea izan dadin laguntzen jarraitu nahi dugu, kapital sozial indartsuarekin", azpimarratu du Imanol Lasa Sustapen Ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.

Deialdiaren oinarriak biharko Gobernu Kontseiluan onartuko dira. Parte hartu dezakete enpresek, erakunde sindikalek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Gipuzkoako Sareko erakundeek, ikastetxeek eta unibertsitateek, eta hezkuntza, ekonomia, gizarte, eta toki eta/edo eskualde mailako elkarteek, interesa badute garapen pertsonal, ekonomiko eta sozialerako lurralde posizionamendua eta konpromisoa sustatzeko. Aipatutako eremuetan, enpresetan ezartzeko prozesuak, ikerketa proiektuak, tresnen garapena, metodologiak, ebaluazio edo sentsibilizazio sistemak bultzatzen dituzten proiektuak lagunduko dira.

Sustatuko diren esparru zehatzen artean honako hauek daude: pertsonentzako gaitasun giltzarriak, zeharkakoak eta etorkizunekoak; etengabeko ikaskuntzaren kultura eta enpresetako ikaskuntza dinamikak, nazioarteko esperientziak barne; antolaketa eta enpresa esperimentazioa lan inguruneetan eta enpleguaren denboraren banaketa, telelana barne; enpleguaren eta kalitatezko lanpostuen azterketa, enplegu jasangarria, enpleguaren etorkizuna eta gizarte mugikortasuna; ikasteko aukerak eta trebetasun zientifiko-teknikoak (steam) eta sozialak, etorkizuneko erronka eta itxaropen berriei erantzungo dietenak; pertsonen gaitasunak eta erakundeen eta enpresen beharrak barneratzea bideragarri egingo duten mekanismoak sortzea (orientazio profesionala, prestakuntza-eskaintza); edo emakumeen enplegagarritasunerako, integraziorako eta ahalduntzerako ekintzak.

Hala, proiektuak enpresen eta lurraldeen ekosistema indartzera bideratuta egongo dira, pertsona erdigunean jarriko duten lan testuinguruak diseinatuz eta garatuz, pertsonen eta enpresen gaitasunak eta konpetentziak eta ikaskuntza bultzatuz, baita prestakuntza, ekonomia eta gizarte eragileen arteko harremana ere, lurralde eta eskualde mailan. Informazioa eskuragarri egongo da Ekonomi Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Departamentuaren webgunean (https://www.gipuzkoa.eus/es/web/ekonomia), eta eskabideak http://sustapena.gipuzkoa.eus/kudeaketa webgunean aurkeztu beharko dira. Epea deialdian finkatuko da, eta GAOn iragarriko da, Gobernu Kontseiluan onartu ondoren.

Deialdi honen bidez, 70 eragilek 88 proiektu gauzatu zituzten aipatutako eremuetan. Horien artean, Mondragon Assembly, Lortek, Lanik, Ulma, Goizper, Indar edo Alcad bezalako enpresak, ASLE, Elhuyar, Merkataritza Ganbera, Orkestra, Oarsoaldea edo Urola Garaiko garapen agentzia bezalako erakundeak, edo Huhezi, Cebanc, Miguel Altuna edo Axular bezalako ikastetxeak. "Elkarlanari esker, hain desberdinak diren eta ibilbide luzea duten eragileek esperimentazioan oinarritutako proiektuak abian jar ditzakete, eraldaketan oinarrituta, zeinak Gipuzkoarentzat funtsezkoa den erronkari erantzuteko ahalmen handia baitute, hots, kalitatezko enpleguari erantzuteko ahalmen handia, alderdi guztietan eta betiere pertsona ardatz hartuta", azpimarratu du Lasak.

Suspertze Ekonomikorako Plana Deialdia apirilean abian jarritako Gipuzkoako Ekonomia Berreskuratzeko Planaren barruan dago. Plan horrek 28 milioi euroko neurri eta programa sorta bat egituratzen du, COVID-19ak ekonomia eta enpresa sarean duen eragina arintzeko. Zehazki, kalitatezko enplegua sortzeko eta finkatzeko lan ildoan, Elkar-EKINekin batera. Plan horren oinarrietako bat ildo estrategikoei lotutako programak eta deialdiak blindatzea da diru-bilketaren beherakadaren aurrean; hala nola lehiakortasunari, ekintzailetzari, I+G+b-ri laguntzeari edo enpresa proiektuei eusteari lotuta daudenak. Eta horien artean dago gaur aipatutakoa. Horrela, iazko aurrekontu zuzkidurari eutsiko zaio.

Lasak gogorarazi du Gipuzkoa eta mundua aurre egiten ari direla "ia aurrekaririk ez duen krisi global bati", Depresio Handiaz geroztik egon den atzeraldirik handienarekin, "2008ko finantza-krisia baino askoz ere gogorragoa". Urteko lehen hiruhilekoan % 4,8 jaitsi zen jarduera ekonomikoa lurraldean, % 17,8 aurreko urtekoarekin alderatuta. Hiruhilekoen arteko lehen tasa negatiboa da azken 25 hiruhilekoetan, hazkunde jarraitua hautsiz. Joan den maiatzaren 27an, Gipuzkoan 9.365 aldi baterako erregulazio espediente zeuden indarrean, 63.656 langileri eragiten zietenak -kotizatzen duten biztanleen % 20-. Alde positiboari erreparatuta, pandemiaren ondorioz ABEE batek eragindako pertsonen erdiak dagoeneko irten dira egoera horretatik, eta bukatutako ABEEn "gehiengo ia osoa" pertsona horiek lanpostura itzuli direlako itxi dira.

Diputatuaren arabera, epe laburrean, eta krisialdiaren zatirik gogorrenean, enplegua eta jarduera ekonomikoa mantentzea da "erabateko lehentasuna", ekonomia ehunaren "biziraupena" ahalbidetuz. Hala eta guztiz ere, aurreratu du susperraldia "iritsi" egingo dela, eta Gipuzkoak prest egon behar duela "fase horri ere aurre egiteko baldintzarik egokienetan". "Oraina kudeatu behar diogu, baina aurrera begiratzeari utzi gabe, eta plano horretan kokatzen dira laguntza hauek. Gaur egungo gizartean, are gehiago, Covid-19aren ondorengoan, lehiakortasunerako eta gizarte kohesiorako politikek pertsona eduki behar dute ardatz. Izan ere, haiek dira gure aktibo nagusia; pertsonak, beraien ezagutza, eta eraldaketa teknologikoen poderioz etengabe eta oso azkar aldatzen den egoera bati egokitzeko duten gaitasuna. Enpleguaren etorkizunak, eta enpleguaren kalitateak, eskatzen du ikaskuntzara joera duten pertsona eta enpresa malguak izatea. Ikasten ikasi, gelditzeko iritsi den desafio kolektiboa dugu hau. Gainera, enplegua sortzeko eta daukaguna finkatzeko ezinbestekoa dena, oso lotuta baitako ekintzaile izateko eta berrikuntzaren alde egiteko gaitasunarekin", azaldu du.

Erronka horri "alor desberdinetatik" aurre egin behar zaiola gaineratu du, bai hezkuntzatik, eta bai plano pertsonaletik, eta baita enpresa ingurutik ere. "Erantzukizun indibiduala sustatu behar dugu, perotsona bakoitzak ekimena hartzea bere etorkizun pertsonala eta profesionala marrazteko, eta horretarako zein bere trebetasunak eguneratzeko, tresnak eta aukerak erraztu. Baina beharrezkoa dugu enpresen konpromisoa ere kalitatezko enpleguarekiko", esan du, horrek soldata ez ezik beste alor batzuk ere lantzea eskatzen duela aipatuz. "Lan inguru eta baldintza egokiak garatu behar dira, langileen hazkunde profesionala ahalbidetzeko, aintzat hartuz malgutasuna lanaren antolaketan, ikasketa prozesuetan, eta baita pertsonen auronomia ere. Konbentzimendua izan behar dute lan horrek etekina ematen diola enpresari, eta prozesu berritzaileak ezartzeko eta produktibitatea handitzeko aukera zabaltzen duela".

Hala, gaur aurkeztutako programaren lan ildoetako batek, hain zuzen, telelanaren egituraketa bilatzea du helburu. Arlo horretan "hobetzeko tarte handia" dagoela eman du aditzera Diputatuak, herrialde aurreratuenekin alderatuta. "Telelanak ezin du izan eranskin hutsa egoera puntualetarako edo larrialdietarako. Ez da etxean lan egitera gelditzea, halamoduz. Praktikan telelana finkatzeak lanketa sakonagoa eskatzen du, lotu egin behar baita kontziliazio erantzukidearekin, zaintzarekin edo talentua erakartzearekin. Krisialdi honek, eta konfinamenduak, erakutsi digute apustu hori indartu behar dugula. Hori dela-eta, bide horretatik doazen proiektuak ere bultzatuko ditugu geialdi honekin", amaitu du.