DONOSTIA. Astelehen honetan, 9:00etatik aurrera, Harkaitz Millan Kulturako eta Nazioarteko Lankidetzako diputatuak «La Agenda 2030 y su reflejo en las políticas de cooperación descentralizada» online uda ikastaroa inauguratuko du. Bertan, Garapen Jasangarriko Helburuen 2030 Nazioarteko Agenda berriak lankidetza deszentralizatuaren garapen politikei buruz dituen inplikazioak, gaitasun eraldatzailea eta argi-ilunak aztertuko dira. Ildo berean, Gipuzkoako Foru Aldundi osoak GJHak inplementatzeko abian jarri dituen ekimenak eta horiek nazioarteko lankidetza politiketan duten eragina aztertuko dira, batez ere politiken koherentziaren eta Gipuzkoa Coopera programaren bitartez, zeinaren bidez nazioarteko lankidetzarekin zerikusia duten eragileen multzoa zabaldu nahi baita.

Kulturako eta Lankidetzako diputatuak eta Itziar Alcorta Udako Ikastaroen zuzendariak ongietorria egin ondoren, Complutentse Unibertsitateko Garapen eta Lankidetzarako Unibertsitate Institutuko zuzendari Jose Angel Sotilloren hitzaldi batekin emango zaio hasiera ikastaroari. Hitzaldi horrek ikuspegi orokor bat eskainiko digu 2030 Agenda berriak lankidetza deszentralizatuan -eskualde, foru eta toki gobernuek gauzaturikoan- izan duen esanahiaren inguruan. 2030 Agendaren paradigma berriak munduan ikusitako desorekei eta desberdintasunei aurre egin nahi die, gure eredu ekonomiko-sozialaren kausetan arreta jarriz. Horrek inplikazio garrantzitsuak ditu lankidetza politiketan, eta, ondorioz, hemen ere zalantzan jarri behar dugu zein diren gure hazkunde, kontsumo, gizarte eta ekonomia harremanak.

Ondoren, Foru Aldundiaren ekintza 2030 Agendak bere gain hartutako konpromisoetara egokitzeko abian jartzen ari diren lanen berri emango digu Foru Aldundiko Kudeaketa Estrategiaren zuzendari nagusi Sebastian Zurutuzak. Izan ere, munduko arazo larrienei aurre egin nahi dien filosofia berriak foru aldundi osoa zeharkatzen du. Ildo horretan, Etorkizuna Eraikiz programaren bidez, Gipuzkoak modu eredugarrian jarri du abian hausnarketa propio eta sakon bat, etorkizuneko erronken esanahiari buruz eta hurrengo belaunaldientzat etorkizun hobea bermatuko duten patroi jasangarriekin jarduteko beharraz pentsatzeko.

Hirugarren hitzaldia Mikel Diez Sarasola Nazioarteko Lankidetzarako zuzendariak emango du, Gipuzkoa Coopera programa aitzindaria jorratuz. Kultura eta Lankidetza Departamentuak abian jarritako programa bat da, eta, horren bidez, Gipuzkoako lankidetzako eragile ez tradizionalek eta gure lurraldean eta handik kanpo proiekzioa dutenek garapenerako lankidetza proiektuak gauzatu dituzte. Programarekin bat egin dute Realak, Kukai Dantzak, Zinemaldiak, Material Physics Center-ek, Aspegik eta Karlos Argiñanoren Aiala Ostalaritza Eskolak.

Goiz bateko ikastaroa amaitzeko, mahaiaren inguruan bilduko dira Angel Sotillos, EHUko Jasangarritasuneko zuzendari Estíbaliz Sáez de Cámara Oleaga, Euskadiko GKEen Koordinakundeko koordinatzaile Irene Molero Gurrutxaga eta Noé Cornago Prieto, EHUko Nazioarteko Harremanetako irakasle eta Oñatiko Soziologia Juridikoaren Institutuko zuzendaria. Mahai-inguru horretan, 2030 Agendaren benetako eraginkortasuna eta inpaktua, haren argi-ilunak eta mundu bidezkoago baterantz gizartea eraldatzeko duen benetako gaitasuna jorratuko dira, eta bertaratutakoen parte-hartzea bultzatuko da.