- Herritarrak euskararen jiran aktibatzeko gakoak zeintzuk diren identifikatu ditu ikerketa batek. Gainera, aktibazio hori lortzeko prozesua zein izan litekeen ere proposatu du, Arrasateko eta Tolosaldeko esperientzietan esku hartu ondoren.

Ikerketa 2015ean abiatu zuen Soziolinguistika Klusterrak gidatutako lantalde batek, Gipuzkoako Foru Aldundikoaren babesarekin. EHUk, Elhuyarrek, Emunek, Euskaltzaleen Topaguneak eta Donostiako Udalak ere parte hartu dute, baita beste hainbat eragilek ere.

Gako horien artean lehenengoa da aktibazio prozesuak behar sozial bati erantzun behar diola. Behar horren kontzientzia edo zilegitasuna “elikatu, estimulatu edo sorrarazi egin beharko da lehendabizi”, herritarren babesa lortzeko, baita “sinesgarritasuna eta legitimotasuna” lortzeko ere. Horretarako diskurtso berritzaileak erabiltzea, ilusioa piztea eta inor kanpoan ez uztea beharrezkoa da ikerketaren arabera.

Oinarrizko teoriak eta diskurtsoak adostu behar direla ere badio, eta horretarako diagnostiko soziolinguistikoak aintzat hartu daitezke edo beste herri mugimenduen proposamenak eztabaidatu, esaterako. Administrazio publikoak eta herri mugimenduak elkarlanean aritzea ere ezinbestekoa da, alderdien arteko lehia politiko-elektoraletik blindatuta eta guztiak eroso sentitzeko moduan.

Laugarren gakoa modu horizontalean antolatzea da eta bosgarrena, berriz, talde eragilea osatzea. Azkenik, prozesua nola egiten den zaindu behar da, aktibazio-prozesuari helburu argiak eta ausartak ezarrita eta tokian tokiko berezitasunetara egokituta, baita ekintza ikusgarriak eta originalak eginda ere, sinboloak landuz eta ilusioa elikatuz.

“Lau urteko ikerketa eta esku-hartze prozesu honetako ondorioek, besteak beste, tokian tokiko lanerako eta gogoetarako ildoak jarri dituzte agerian”, esan zuen emaitzen aurkezpenean Soziolinguistika Klusterreko zuzendari Imanol Larreak. Orain, ondorio horiek gizarteratzeko prozesua abiatuko dute: txostena Interneten jarri dute (txosten osoa eta laburpena ere bai) eta euskararen sustapen lanetan aritzen diren herritarrei, elkarteetako kideei eta tokian tokiko administrazioko langileei zuzendutako eskuorri tolesgarriak sortu dituzte.

Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek azaldu zuenez, normalean, aktibazioaz ari garenean “ekintza masibo bat, ospakizuna edo sumindura adierazteko ekintza bat” irudikatzen dugu. “Baina lan honek aipatzen duen moduan, hori icebergaren tontorra baino ez da. Hori gertatzeko, aldez aurretiko lana dago”, esan zuen.

Ikerketa Aldundiaren eta Soziolinguistikaren arteko elkarlanaren ondorio dela gogoratu zuten biek eta hainbat proiektutan jarraitzen dutela batera lanean. Hizkuntza politika oinarri zientifikoen gainean eraiki-tzea garrantzitsua dela eta euskara biziberritzeko ikerketa eta ezagutza soziolinguistiko zorrotza behar dela ere nabarmendu zuten.