- Koronabirusaren pandemiaren eraginez konfinatuta gauden honetan, "Maskara 19" pasahitzaren bidez, eraso matxistak jasateko arriskuan dauden emakumeek laguntza eska dezakete botiketan. Gipuzkoako 286 farmaziek bat egin dute "Maskara 19" izena hartu duen genero-indarkeriaren aurkako kanpainarekin.

Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak (COFG) atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez, lurraldeko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaritzarekin elkarlanean, dagoeneko Bizkaian eta estatuko beste autonomia batzuetan martxan den kanpaina horrekin bat egin dute.

"Maskara 19"(Mascarilla 19) pasahitza farmazian dauden langileei esatea nahikoa izango da, indarkeria matxista edo sexu-erasoa jasan duen edozein emakumeri arreta emateko, edo hura jasateko arriskuan dagoela uste duen edozein emakumeri arreta eskaintzeko.

Bezero batek hitz sotil eta xume horiek esan ahala, farmazietako langileek babes eta arreta protokoloa abian jarriko dute, anonimoa alde bientzat, eta kasu horietarako aurreikusitako foru eta udal arretako zerbitzuetara bideratuko da.

"Konfinamenduak indarkeria matxistaren kasuak areagotu edo gaiztotu egin ditzake", eta, horregatik, alarma-egoeraren murrizketen baitan duten funtsezko jardueran, farmaziek, "laguntza handia eskaini dezakete" komunikatzeko eta laguntzeko bide berri horrekin, nabarmendu zuen elkarteko presidente Miguel Angel Gastelurrutiak.