uskadiko maker komunitateak abian jarritako Covid Euskadi herritarren sarean osasun-langileentzat aurpegia babesteko maskarak edo biserak sortzen ari dira 3D inprimagailuen bidez. Maskara horiek profesionalak ez kutsatzeko balio dute eta COVID-19aren hedapena geldiarazten laguntzen dute medikuen, erizainen, anbulantzietako langileen eta beste hainbat beharginen artean. Gainera, ez dute aurpegian zauririk egiten eta betaurreko tradizionalak baino erosoagoak dira.

Tabakalerako Hirikilabs kultura digital eta teknologiako laborategia ere Covid Euskadiren barnean dago eta ekoizpenean jarduteaz gain, koordinazio taldean ere aritzen da lanean. "Bisera modura erabiltzeko pieza bat da maskara eta 3D inprimagailuen bidez, horietako bakoi-tza 90 minutuan inprimatzen da", azaldu dio egunkari honi Ibai Zabaleta Hirikilabseko koordinatzaileak. Maskarak egiteko diadema bati azetatozko xaflak kateatzen dizkiete, ondoren goma batekin buruari helduta geratzen direnak. "Laminak lortzea erraza da, ofizinan guztiok ditugun karpetetako tapa gardenak baitira", nabarmendu du Zabaletak.

Bere iritziz, nahiko prototipo eraginkorra da, nahiz eta "perfektua" ez izan. Joan den larunbatean entregatu zituzten lehen 100 biserak Txagorritxu Ospitalean, birusak Gasteizen izan duen hedapena dela eta. Hasieran, Covid Euskadi sarea hamabost pertsonez osatuta zegoen eta larunbatean bertan 1.000 pertsona izatera iritsi ziren. "Covid Euskadi 3D inprimagailuak dituzten pertsonek, horrelako makinak dituzten industriek eta mota askotako enpresa txikiek osatzen dute. Gainera, jendea biserak egiteko plastikoa dohaintzan ematen ari da", azaldu du Zabaletak. Sarea osatzen duen jende guztiari elkarren artean koordinatu eta mota berdineko biserak egitea eskatu zioten. Horrela, aste honetan 2.500 bisera inguru ekoiztea lortu dute.

Bestalde, maskara guztiak nola jaso eta entregatu ere pentsatu behar izan zuten. "Ezin genuen guztiok hirian zehar bakoitza bere maskarekin aurrera eta atzera ibili, mugikortasunerako orain dauden arazoekin. Beraz, gaur egun Covid Euskadin lanean dabiltzan 500 inprimagailu inguru koordinatu eta lurralde bakoitzean DYA arduratzen da materiala jaso eta banatzeaz", esan du. Horrez gain, Covid Euskadik webgune bat jarri du martxan eta bertan "milaka eskaera" jasotzen dituzte. "Ez osasun-langileenak bakarrik, baita anbulantzietan, zaharren egoitzetan, dentistetan edo segurtasunean lan egiten dutenenak ere", zehaztu du Zabaletak.

Covid Euskadi Osakidetzarekin eta gainerako instituzio batzuekin harremanetan jarri da eta pare bat injekzio enpresen bidez, 600-800 bisera aldi berean egitea lortu nahi dute; horrela, bat egiteko behar diren 90 minutuak aurreztu eta produkzioa handitzeko.

Errenteriako Tknika lanbide heziketako zentroa ere horrelako maskarak sortzen ari da. "Aurreko ostiralean Lanbide Heziketako sailburuak, Jorge Arévalok, esan zigun pantaila horiek egin behar genituela. Beraz, sarean topatutako informazio guztia aztertzen hasi ginen eta horiek egiteko aukera bat baino gehiago zegoela ikusi genuen", azaldu du Jon Labaka Tknikako zuzendariak.

Beraz, lau eredu desberdin hartu zituzten eta Tknikako inprimagailuetan inprimatu ondoren, Urdulizko ospitalera bidali zituzten. "Hori Osasun Sailaren koordinazioarekin egin genuen igande eguerdian", esan du. Urdulizko osasun langileek pantaila desberdinak aztertuta, beraien beharretara hobeto egokitzen zena baliatu zuten. "Prototipo hori edukita guk gure lanbide heziketako ikastetxe guztiei -54 apuntatu dira- korreo bat bidali genien igande arratsaldean, inpresorak dauzkatenek mota horretako diademak inprimatzea proposatuz", zehaztu du Labakak. Gipuzkoan, Tknikatik ari dira koordinatzen lanbide heziketako eskolek egiten dituzten maskara horien jasoera eta atzo, adibidez, 800 baino gehiago zeuzkaten banatzeko prest.

Dagoeneko, maskararen bosgarren bertsioa dute Tknikan, izan ere, aldaketak egiten joan dira inprima-tzea errazagoa izan dadin. "Diadema antzeko bat da, baina bekokian jartzen da eta atzeruntz joaten da. Ezaugarri garrantzitsua da gomarik ez edukitzea: lehenengo bertsioak goma bat zeukan hobeto eusteko, baina oraingoak ez, desinfektatzeko zailagoa delako. Erabiltzen den biniloa edo pantaila ez mugitzea eta finkatuta geratzea eta binilo hori aldatzeko aukera izatea ere garrantzitsua da", zehaztu du Labakak.

Tknika Lanbide Heziketako gobernuko erakunde bat da eta ez dago Covid Euskadi sarearen barnean. Hala ere, egunero hitz egiten dute beraiekin eta Tknika ere injekzioko enpresekin kolaboratzen hasi da, egunero egiten den maskara kopurua ahal bezain laster handitzeko. "Pentsatzen dugu astelehenetik aurrera material faltarik ez dela egongo", nabarmendu du Tknikako zuzendariak.

Mondragon Unibertsitatean hamabost pertsonako boluntario talde bat ere ari da bertako 3D inprimagailuen bidez osasun langileentzat biserak ekoizten. Momentuz, unibertsitateak astero 700 bisera ekoitziko ditu, baina beraien produkzio gaitasuna handitzea aurreikusten dute, 3D inprimagailuak egoki erabiltzeko jarraibideak ezarri bezain laster.