DONOSTIA - Eider Mendoza foru bozeramaileak jakinarazi duenez, atzo baino zortzi positibo gehiago eman dira Gipuzkoako 65 egoitzetan. Guztira 76 dira egoitzetan koronabirusaz gaixotutako pertsonak eta 13 desgaitasuna duten pertsonen baliabideetakoak. Positibo berriak eman dira Ordiziako San Jose egoitzan, sei positiborekin, bat Arrasateko Iturbide egoitzan eta bat gehiago Eibarko Egogain egoitzan, non lau diren guztira birusak kaltetutako pertsonak. Atzoko datuekin alderatuz, pertsona bat gehiago ospitaleratu da, bost direlarik guztira, eta lau gehiago eraman dira Gurutze Gorriaren egoitzara, non 16 pertsona dauden.

Beste alde batetik, bozeramaileak gogorarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, udalekin, hirugarren sektoreko elkarteekin eta Osakidetzarekin batera, kale egoeran dauden pertsonen arreta indartzen jarraitzen duela. "Udalen eta gizarte eragileen arreta baliabideak indartzen jarraitzea da helburua, horrela, testuinguru honen aurrean, egoera zaurgarrietan eta babesgabean dauden pertsonak babesten jarraitzeko". Horregatik, Hondarribiko aterpetxea bideratzeaz gain, Orioko aterpetxea ere erabiliko da egoitza-bazterketa egoera larrian dauden pertsonentzat. Era horretan, "Caritasen Hotzaldi baliabideari laguntza emango diogu eta gaur bertan 20 pertsona eraman dira Orioko aterpetxera", azaldu du Mendozak. Zarauzko aterpetxea prestatzeko lanean ari dela ere gehitu du.