- Liman (Peru) harrapatuta dauden 27 euskal herritarrek (Legazpiko hainbat gipuzkoar eta zenbait bizkaitar) SOS deia zabaldu dute azken orduotan etxera itzuli ahal izateko. 65 eta 75 urte bitarteko gizon-emakume talde bat da, eta martxoaren 8an iritsi ziren Peruko hiriburura, "bidaiatzeko edota Perura sartzeko inolako murrizketarik ez zegoenean"; orain, nola hala Euskadira itzultzen saiatzen ari dira.

"Hotel batean konfinatu gaituzte eta ez digute geletatik irteten uzten", salatu dute argitaratu berri duten bideoan. Bertan azaltzen dute oso haserre daudela "Espainiako Gobernuarekin eta Peruko Gobernuarekin, hoteletik jendea irteten ari da hegaldiak ateratzen direlako Txile, Miami edo Tel Aviv aldera. Zergatik ezin gara gu herrialde honetatik irten?".

"Osasunez ondo gaude, eta ezin dugu ulertu zergatik ezin dugun gure herrira itzuli", salatu dute maskarak jantzita, haien ustez, ez baita gauza bera norberaren herrian eta etxean konfinatuta egotea, hotel bateko gelan baino. "Hiru taldekidek gaixotasun kronikoak dituzte, eta dagoeneko ez dituzte eskura ezinbesteko zaizkien tratamendu medikoak: "Peruko GKEei laguntza eskatu behar izan diegu".

"Laguntza eskatzen dizuegu", diote bideoan, eta "oso egoera larrian" daudela. "Lagundu, mesedez!".