donostia - Eusko Legebiltzarrak apustu etxeen hazkundea geldiaraztea, publizitatea mugatzea eta jokoaren gaineko kontrolak areagotzeko Elkarrekin Podemosek proposatutako legea tramitatzeari oniritzia eman dio. Erakundeak 2019ko abendutik egin duen aurreneko osoko bilkuran hartu da erabakia, EH Bildu, PP, eta Elkarrekin Podemosen babesarekin, eta, EAJ eta PSE-EEren abstentzioekin (ez dute baietza eman dagoeneko indarrean dagoen legearekin eskatutako alderdiak estaltzen direla uste dutelako). Nolanahi ere, litekeena da lege proposamen hau legegin-tzaldi honetan bertan behera uztea eta ez onartzea. Izan ere, Iñigo Urkulluk hauteskunde autonomikoak aurreratzekotan, Ganbera bertan behera geratuko litzateke, modu honetan legea onartzeko aukerari ateak itxiz. Ez aurrera-tzekotan eta udazkenean egingo balira ere, ez litzataeke lege batek eskatzen dituen eztabaida eta zuzenketen tramiteak osatzeko nahikoa denborarik egongo.

kilometro erdiko distantzia "Gutxienez 500 metroko distan-tzia egon behar da ikastetxeen eta kirol apustuetarako lokal zein joko aretoen artean. 1991ko legea zaharkituta geratu da, eta kirol apustuen fenomenoak adingabe eta gazteei eragiten die bereziki EAEn", gogoratu du Edurne Garcia Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Distantziarena ez da koalizio moreak egindako proposamen bakarra: alkohol eta tabakoaren publizitatearekin egin bezala, argitaratuko diren edukien gaineko erregulazioa bilatzen du, edo berdina dena, apustu eta joko-etxeen inguruko publizitatea komunikabide eta espazio publikoetatik ezabatzea. Halaber, Elkarrekin Podemosek horrelako lokaletan ordutegi mugatuago ezar-tzeko eskaera egin du, eta taberna edo jatetxe guztietan dauden makinetarako sarbideak zorroztasun gehiagoz tratatzea gustatuko li-tzaioke. Aipatutakoez gainera, jokoaren gaineko zerga %10 igo-tzeko proposamena dago, ausazko jokoarekiko mendekotasuna prebenitu eta tratatu ahal izateko funtsa bat sortzeko jomugarekin.

Gauzak horrela, agerikoa da alderdien kezka egoera honen aurrean; are gehiago, Euskadiko datuak kontuan hartuta: EAEko herritarren %26, hots, 436.906 lagun, jokalari aktiboak dira jada. Osoko bilkuran, aldaketak buru-tzearen alde agertu diren taldeen artean, jokoa "menpekotasuna" dela ohartarazi du Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak: "Mendekotasuna, tolerantzia eta abstinentzia sindromea daude". Legeak 1991tik aldaketarik izan ez duen aldetik, Blancorentzat egungo "joko formak" eta "adikzio berriak" ez dira aintzatesten. PPtik, Javier Ruiz de Arbulok legedia eguneratzeko eta apustu etxeen neurrigabeko publizitatea arautzeko neurrien beharra aldarrikatu du. Alabaina, EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideak (Joseba Zorrilla eta Txarli Prieto) ez datoz guztiz bat EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemosen bertsioekin, azken honek plantetazen dituen aldaketak eta hainbat gairen inguruko erregulazioa 2016ko jokoari buruzko araudiak jartzen duelako euren ikuspuntutik, hala nola, apustu etxeen mugak edo publizitate murrizketak.

Azkenik, begirada Estatu espainolera zabalduz gero, jendeak gehienbat apustuetan parte har-tzen du (1.142.487 jokalari). Hori bai, erabiltzaile hazkunderik handiena izan dutenak kasinoak izan dira (%21,28ko hazkundea, 574.862 jokalari aktiborekin). Hauen atzean, hirugarren postuan pokerra dago. Azken honek %7ko hazkundea izan du eta 360.658 erabiltzaile aktibo ditu.