Donostia - Europako Batasunak Euskadiren ikuspegia jaso zuen atzo Batasunerako politikak eta estrategiak etorkizunera begira definitzerako orduan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak EAEko Lanbide Heziketaren nondik norakoak helarazi zizkion Europako Batzordearen Presidentzia berriko ordezkariei, Europako Parlamentuko Egoitzan.

Bruselara bertaratu zen Hezkun-tza Saileko ordezkaritza Sabine Verheyen Parlamentuko Hezkun-tza eta Kultura Batzordeko presidentearekin bildu zen lehendabizi, ostera Ursula von der Leyen presidentearen Kabineteko kideekin elkartzeko: Maria Luisa Cabral Prestakuntza, Gaitasun eta Enplegu gaietarako arduradunarekin izan zen hain zuzen ere.

Gauzak horrela, euskal ordezkariek Euskadiko Lanbide Heziketaren ildo estrategikoak aurkezteaz gainera, IV. Industria Iraultzarekin batera datozen erronkei erantzuteko gaitasuna zutela helarazi zuten, LHko V. Euskal planaren bidez. "Iraultza horrek eta sortzen ari diren enpleguek eskatzen dituzten lanbide-gaitasun berriak hautematea da EAEko Lanbide Heziketa lan-tzen ari dena V. planaren bidez", zehaztu zuten. Edo beste era batean esanda, "garai berrietara egokitzea eta pertsonen prestakuntza-premiak antzematea lanpostuetara iritsi aurretik da jomuga nagusia. Pertsonen enplegarritasun eta enpresen lehiakortasun-premia berriei eta aurre egitea lortuko duten lanbide-gaitasunak eta kualifikazioak, azken batean", berretsi zuten.

giza dimentsioa Dena den, aipatutako plan hori ez da giza dimentsioaz ahazten, hots, gizakiaren garrantziaz eta hark teknologia, digitalizazio, robotizazio eta sistema adimenduen harira garatu beharreko balioez.

Hartara, adimena, iraunkortasuna, integrazioa edota elkartasuna ere funtsezkoak dira egitasmo honen garapenean.

Halaber, Lanbide Heziketako ikastetxe adimenduen eredua ere izan zen hizpide atzo goizean. Mota honetako 13 ikastetxe daude Euskadin, horietako bat berriki inauguratua eta Europan erreferente dena (Bergarako Miguel Altuna LHko ikastetxea).

Arratsaldera jauzi eginez, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza Nicolas Schmidt Enplegu eta Gizarte Gaietako komisario europarren Kabinetearekin bildu zen. Komisario honen lehentasunetako bat Skills Agenda delakoa (konpetentzia profesionalen agenda) berrikustea eta eguneratzea da, Presidentzia berriaren ildoari jarraituz. Gainera, bere eskutik Lanbide Heziketa Zentroen Sare Europarra sortu zen, bost ikastetxe dituena bere baitan. Honen harira, Euskadiko Lanbide Heziketak bere ikuspegi estrategikoa plazaratu zuen, euskal esperientzia Europako agendan ezartzen ari diren erronkei egiten ari zaien ekarpenak azalduz. - Unai Gonzalez