DONOSTIA. Euskaraldiaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da eta 15 egun iraungo ditu. Donostiako San Telmo Museoan egin zuten atzo bigarren Euskaldiaren aurkezpena.

Iaz, azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehenengo edizioa eta irailean argitaratu zen ikerketak azaleratu zuenez, ariketa sozialak abiapuntu ona izan zuen, emaitza onak eman baitzituen. Guztira, 225.154 pertsonek eman zuten izena eta Euskaraldiaren ondoren, euskararen erabilpena bost puntu igo da, nahiz eta hamaika egun horien ostean hazkundea 20 puntutarainokoa izatera heldu zen.

Hala eta guztiz ere, eragina handitu nahi dute antolatzaileek “gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” arituz.

Horregatik erabaki dute hamaika egun iraun beharrean, ariketa 15 egunera luzatzea. “Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua hurrengoan sendotu egin nahi dugu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara”, nabarmendu zuen Kike Amonarrizek, Euskaltzaleen Topagunearen lehendakariak, aurkezpenean. Izan ere, lehengo urtean herri batzordeek berebiziko garrantzia izan zuten Euskaraldia antolatzeko garaian, ekimena herriz herri eraiki baitzen. Bigarren edizioan ere inportantzia berbera izango dute eta horretarako, abendura arte edukiko dute izena emateko epea.

ARIGUNEAK Bigarren edizioan ere herritarrek jada ezagunak den ahobizi eta belarriprest dinamikarekin egingo duten ariketaz gain, edizio berrian taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute mota guztietako entitateetako kideek. Hori horrela, garrantzia berezia hartuko duen arigunea kontzeptu berria sortu da. Entitate barruan aritzeko guneak dira;euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute une oro, entitate barruan edo entitateak herritarrekin duen harremanean.

Horien bidez, erakundeetan ere Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur eta kirol taldeetan... ahobizi eta belarriprestek taldean egin ahal izango dute ohitura berriak barneratzeko ariketa.

“Gaur zabaldu dugu fase oso garrantzitsu bat: beren funtzionamenduan euskaraz aritzeko gune babestuak identifikatu, sortu, sustatu eta zainduko dituzten entitateak ekimenera gehitzeko fasea”, azpimarratu zuen Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak. Izan ere, erakundeek ariguneak identifikatu, kideen adostasuna lortu eta izena emateko epea atzotik hasi eta 2020ko uztailera arte egongo da zabalik euskaraldia.eus webgunean.

Gainera, hurrengo urtean ere rol bakoitza identifikatzeko txapak eramango dituzte parte hartzaileek. Horiei esker, iaz jendeak bultzada handia sentitu zuen euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiteko;eta batzuek hizkun-tza hori erabiltzeak besteei ere horrela erantzuteko beharra piztu zien.

Iazko Euskaraldiak elkarlan eta lankidetza berriak zabaltzeko ere balio izan zuen eta horretan jarraitu nahi duten belarriprest eta ahobiziek 2020ko irailetik azarora bitartean egin ahal izango dute izen ematea.