Euzko Alderdi Jeltzaleak eskuratu du bozkarik gehien Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal eta foru hauteskundeetan. Nolanahi ere, bigarren alderdiarekiko tartea, EH Bildurekikoa, estutzen doa. Hala berean, EH Bilduren emaitzek are udal gehiago goberna dezan ahalbidetuko dute. Goiz da ziklo aldaketa baten aurrean ote gauden esateko. Bistan geratu dena bada, batetik, PP eta PSOE alderdien arteko norgehiagokak, non terrorismoa eta EH Bildu erdigunean jarri duten, PSOE alderdiari kalte eta, hemen, EH Bildu indartzea ekarri duela. Bestetik, EH Bilduk bere hautets-oinarria zabaltzen saiatu da, Podemos eta alderdi sozialistaren botoak eskuratuta. Hori horrela, abertzaletasuna atzeko planoan utzi eta bestelako aldarrikapenei egin die bidea, besteak beste, sasoi batean pentsaezina zena konplexurik gabe besarkatuz: Espainiaren gobernagarritasunean inplikatzea.
Beharbada, ez da unerik erosoena edo aproposena, are gehiago, PSOEk izan duen gainbeheraren ondoren, Hauteskunde Orokorrak uztailaren 23rako deitu direnean. Nolanahi ere den, badira, faktore “exogenoak” gorabehera, alderdi jeltzaleak lasaitasunez, gardentasunez eta irmotasunez aztertu beharko lituzkeen kontuak.
Bozka asko galdu dira, bai eta tokiko gobernu ugari ere... Eta galera horren atzealdean, hein handi batean, parte har-tzean gertatu den jaitsiera nabarmena dago. Akaso, izango dira alderdi jeltzaleak hauteskundeak aise irabaziko zituela eta bozkatzera hurreratzeko motiborik antzeman ez dutenak. Nago, ordea, politikak eta, beharbada, politika egiteko moduak herritar andana ez bozkatzera eraman duela... Eta horrek kezkatu behar gaitu, demokrazia ahultzea eta demokrazia higatzeko baliatu nahi dutenak indartzea dakarrelako.
Uste dut autokritika egitea dagokigula, inor larrutu barik, ustaz azorriatu gabe... modu eraikitzailean, ondo egindakoetatik ikasiz eta txarto egindakoetatik ikaspenak ateraz... Politika behar dugu gizartera hurreratu, distantziak behar ditugu ezerezean laga. Halaxe jardun dugunean, emaitzak aldekoak izan dira. Sinesten dut horretan, ez amarru gisa, gure jardunbidearen ardatz gisa baizik. Politika publikoetan indarra eta baliabideak non jartzen ari garen behar dugu sakontasunez berraztertu. Politika publikoen gizarte-izaera areagotu behar dugu. Politikaren zeregina giza ekintza aztertzea bada, besteren artean, gizartearentzat probetxuzkoa suerta dadin, politikaren xedea gizarte osoaren zoriontasuna bada... orduan, politiken begirada aztertu behar dugu, bidean gero eta jende gehiago geratzen ari delako halako printzipioen arrastorik antzematen ez duena.
Hilabete gutxiren buruan, Espainiako Hauteskunde Orokorrak izango dira. Ondoren, EAEko hauteskundeak... eta Europakoak. Eta ateratzen diren emaitzek zizelkatuko dituzte datozen urteotako dinamika politikoak. Herritarrek igorri diguten abisua ondo interpretatu behar dugu, handikeriazko menturarik gabe eta gutxietsi gabe. Bizikletan dabilenak badaki ondoen, eroriko baten ondoren, pedalei eragitea zeinen garrantzitsua den, baldin eta helmugara iritsiko bada.