Aldaketa historikoa Hondarribian
Abotsanitzek irabazi ditu hauteskundeak, EAJk galdu dituen hiru zinegotziak lortu dituelarik
Hauteskundeen emaitzak Irunen ia ez dira aldatu 2019. urtearekin alderatuta: sozialistek eta EAJ-PNVk aurreko agintaldiko zinegotzi kopuru bera mantendu dute, 10 eta 7 hurrenez hurren. Elkarrekin-Podemos-IUk bi galdu ditu eta lauretatik bietara pasatu da. Azkenik, EH Bildu eta PPk zinegotzi bana irabazi dute; beraz, orain lau ditu lehenak eta bi bigarrenak. Irunen %54,07k hartu du parte, 25.567 botorekin eta 21.715 abstentziorekin.
“Udalean ordezkaritza lortu duten beste hiru taldeekin gobernantza ezberdin bat egiteko nahia dugu”
Aldaketa handia Hondarribian gertatu da. Udalerri honetan, EAJk hauteskundeak galdu ditu lehen aldiz 1995etik, eta zituen 9 zinegotzietatik 3 galdu ditu, Abotsanitzek eskuratu dituenak. Horrela, talde honek 7 zinegotzi lortu ditu. Bestalde, EH Bilduk eta PSE-EEk bakoitzak aurreko agintaldian zituen bi zinegotziei eutsi diete. Hondarribiko parte-hartzea %62,05ekoa izan da, 8.378 boto eta 5.124 abstentziorekin.