Abotsanitzek garaipen historikoa lortu zuen igande-gauan. Igor Enparan buru duen taldeak soilik jeltzaleek baino 48 boto gehiago lortu zituen arren (2.834 eta 2.786, hurrenez hurren), Abotsanitzek zazpi zinegotzi lortu ditu, EAJk baino bat gehiago. Gauzak horrela, aliantzak bilatzen baditu, Enparanek alkatetza ken liezaieke lehen aldiz jeltzaleei.

Nola bizi izan zenuten igande gaua?

Pozgarria eta hunkigarria izan zen. Hau taldeko lan bat izan da, eta taldeko guztiak elkartzeko aukera izatea eta gainera familikoak eta lagunak gerturatzea oso hunkigarria izan zen.

Horrelako garaipena espero zenuten?

Ez, tsunami bat izan da. Esperantza eta ilusioa bagenuen, baina gure hausnarketetan ez zetorren hauteskundeak irabazteko aukera hori eta egia esan harrituta eta pozik geratu ginen. Erronka handia daukagu aurretik, baina gogoa eta indarra ere baditugu eta oso gogotsu gaude, egia esan.

Zer ekarpen egingo dio zure taldeak Hondarribiari?

Bereziki udalaren edo instituzioaren leihoak eta ateak zabaldu nahi ditugu. Nabaritu dugu udal hau asko urrundu dela herritarrengandik eta gure ekarpenik nagusiena parte hartzeko aukerak zabaltzea izatea espero dugu. Udal bat herriarena dela iruditzen zaigu, instituzio guztiak diren bezalaxe, eta guk herritarrak instituzio honen parte izateko nahia daukagu, eta horretan jardungo gara, batzorde irekiak eta parte-hartzaileak eginez. Badakigu gu gerturatu beharko garela herritarrengana, konfiantza espazioak sortzeko.

Etxebizitzarena Hondarribian bolo-bolo dabilen gai bat da. Zer proposatzen du Abotsanitzek?

Hondarribian bizi nahi dugu ekimen bat abiatu genuen bada urte batzuk. Ekimen horren adierazle nagusia da etxebizitza politika publikoak egin behar ditugula, ez dugula nahi etxebizitzaren eskubidea merkatuaren espekulazioan jarraitzea. Hor lanketa handia daukagu eta Udaletik lau urte hauetan ahal ditugun promozio publiko gehienak burutu ahal izatea espero dugu, etxebizitzaren eskubidea merkatu librearen espekulazio horretatik atera eta beste norabide batean jartzeko.

Etxebizitza eta herritarren partaidetza bermatzeaz gain, zeintzuk izango dira Abotsanitzen lan-ildo nagusiak?

Adibidez, ingurumenaren zaintza mahai gainean jartzen dugun beste erronka nagusietako bat da. Uste dugu aldaketa klimatiko batean gaudelarik ingurumenarekin jasangarriak izateko zutabearen menpe egin behar dugula lan. Ekonomiaren garapenari dagokionean, turismoaren sektorea oso sektore indartsua daukagu, baina beste sektore guztiak oso ahulak ditugu eta hor eragiten saiatuko gara, behintzat ekonomia sozial eta solidario baten oinarriak jarriz eta espero dugu sektore ekonomiko orekatuago batzuk lortzeko aukera izatea. Berdintasuna ere bada Hondarribian bolo-bolo dabilen gai bat, eta horri ere helduko diogu. Pertsona guztiek aukera berdinak izan behar dituztela sinisten dugu eta horretan jardungo gara burubelarri. Beste hamaika gauza ere badira, programan ondo adierazita ditugunak.

Zer aliantza dituzue mahai gainean gehiengo osoa lortzeko?

Gure aliantza eredua talde guztiekin gobernagarritasuna bilatzea izango da. Udalean ordezkaritza lortu duten beste hiru taldeekin gobernantza desberdin bat egiteko nahia dugu eta posible dela uste dugu. Bilera erronda bat hasiko dugu talde guztiei aukera zabaltzeko, eta beste taldeen baitan egongo da ea paktatu nahi duten gobernuaren osaketa honetan edo ez. Eta ez badute gobernu taldean sartu nahi, batzorde buruak eta horrelako gauzak eskainiko dizkiegu, uste dugulako interesgarria izan daitekeela ez talde bakarrak gobernatzen duen herri eredu bat izatea, baizik eta talde ezberdinetako kideek osatutako gobernantza eredu ezberdin bat izatea.