DONOSTIA. Gaur Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean bigarren seihilekoan ikasketak egitera etorri diren atzerriko 100 ikasleei harrera ofiziala egin zaie. Truke programei esker etorri dira Donostiara, hainbat herrialdetatik: Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Argentina, Australia, Austria, Belgika, Bulgaria, Erresuma Batua, Errusia, Eslovenia, Finlandia, Frantzia, Hego Korea, Herbehereak, India, Irlanda, Italia, Jordania, Kanada, Kolonbia, Kroazia, Mexiko, Nikaragua, Puerto Rico, Txekiar Errepublika, Txile, Suedia eta Turkia. 100 ikasle horietatik, 20k Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean ikasiko dute, eta gainerakoek, Deusto Business School-Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean.

Ongi etorriko ekitaldian, ikasleek Donostiako campusak eskaintzen dituen zerbitzuak ezagutu ahal izan dituzte, arduradunen eskutik. Gainera, instalazioak ikusi eta Fakultate bakoitzari lotutako alderdi akademikoen berri eman zaie. Ongi etorria emateko ekitaldian honakoek hartu dute parte: Alex Rayon (Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordea), Elena Ochoa (Deusto Business Schooleko Nazioarteko Harremanetako zuzendaria), Elena Lamarain (DBSko Nazioarteko Harremanetako koordinatzailea), Nagore Aranguren (DBSko Nazioarteko Ikasleen koordinatzaile akademikoa) eta Alazne Mujika (Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanordea). Bihar, otsailak 5, ikasleek Ikasle Bulegoaren eta Deustu Campusen eskaintza ezagutu ahal izango dute, arduradunen eskutik.

Deustura ikastera etortzeko arrazoien artean, Subin Leek (Hego Koreako Incheon National Universityko ikasleak) hauek aipatzen ditu: "lehenengo, espainiera ikasi nahiko nuke. Behin Hego Amerikan eta Europako beste herrialde batzuetan izan nintzen eta jende askok hitz egiten zuen espainieraz, eta interesgarria iruditu zitzaidan. Beraz, Espainian ikastea aukeratu nuen. Nire jatorrizko unibertsitateak, Incheon National University erakundeak, harremana du Espainiako beste unibertsitate batekin, baina Deustuko irakasgaiak egokiagoak ziren nire espezialitaterako. Gainera, oso ohikoa ez den toki batera joan nahi nuen. Donostia! Toki berezia, izugarri gustatu zait". Truke programari buruz, Subin Leek argi hitz egiten du: "eskolak Korean bezain estresagarriak ez izatea espero dut, egunero-egunero lehian aritzen baikara, etxeko lan eta azterketa askorekin. Deustun unibertsitateko benetako bizitzaz gozatu nahiko nuke eta nazioarteko lagun gehiago egin".

Yvana Marcano HEC Montréal unibertsitatetik dator, Kanadatik. Deustu Donostian ikastea aukeratu zuen, Europako hiririk politenetako bat delako: "Donostiak gauza asko ditu eskaintzeko: hondartza, mendia eta paisaia ederrak. Montréaleko hirigunean bizi naiz eta Donostia toki paregabea da naturaz gozatzeko baina, aldi berean, hiritik hurbil egonez.Kultur arrazoiek, arrazoi akademikoek eta nazioarteko konpainia batean lan egin nahiak izan zuten eraginik Deustu aukeratzerakoan, beste unibertsitate batzuen artean: "trukea nire erosotasun eremutik ateratzeko aukera paregabea zela iruditzen zitzaidan. Nahiz eta espainiera hitz egiten den herrialde batetik etorri, espainiar kultura, eta bereziki, euskal kultura, bereziak dira. Ezer gutxi dakit kultura horren inguruan eta interesatzen zait ezagutzea. Jende berria ere ezagutu nahi dut. Deustuko Unibertsitateak eskolak gaztelaniaz, ingelesez eta euskaraz eskaintzen ditu. Egunerokoan erabiltzen ez dudan hizkuntza batean ikastea erronka handia da, baina aurre egiteko prest nengoen. Gainera, etorkizunean nazioarteko konpainia batean lan egin nahiko nuke eta, horretarako beharrezkoa da hainbat hizkuntzatan komunikatzen jakitea.Ikasketei dagokienez, beste kultur ingurune batean negozioei eta kudeaketari buruz ikastea gustatuko litzaidake. Montréalen bizi izan naiz bizitza osoan eta ohituta nago Ipar Amerikako jendearen balioetara eta pentsatzeko modura. Gaur egun, enpresa ingurune batean lan egiteak kultura askorekin harremanetan egon behar duzula esan nahi du eta hau horretarako lehenengo urratsa da. Uste dut Deustuko Unibertsitateak nire igurikimen guztiak beteko dituela".

Alex Rayon Deustuko Unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako errektoreordeak, ongi etorriko ekitaldian, eskerrak eman dizkie ikasleei Deustuko Unibertsitatea aukeratzeagatik, hainbeste aukeraren artean. Ongi etorria egin die kalitatezko unibertsitate honetara, Jesusen Lagundiaren ikastetxeen familia handiaren barnekoa. Bertan prestakuntza osoa eta bikaina jasoko dute, edozein ikasketa arlotan: prestakuntza osoa, Unibertsitate honen helburua delako kalitate tekniko nabarmeneko prestakuntza eskaintzeaz gainera, dimentsio humanista, balioei lotutako prestakuntza eta justiziaren zentzua lantzea. Ildo horretatik, azaldu du ikasleek Deustun, irakaskuntzan Espainiako unibertsitate onenetako bat aurkitzeaz gainera, gizarte, elkartasun, kultur eta kirol jarduera ugari izango dituztela aukeran. Horietan parte hartzera animatu ditu, beren esperientzia, balioak eta proiektuak bertako eta atzerriko beste ikasleekin partekatzeko.

Egun hauetan, gradu bakoitzaren aurkezpenak egin dizkiete: helburuak, metodologia, gaitasunak...eta ikasleei Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emango zaie: Hizkuntza Zentroa, Ikasle Bulegoa, Deusto Campus (Elkartasuna, Kultura, Kirolak, Boluntariotza eta Fedea)... Innogunea (Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentroa) eta campuseko beste instalazioak ezagutzeko aukera ere izan dute, horretarako antolatutako bisita gidatuez baliatuz. Asteartean, Eneko Goia Donostiako alkateak harrera egingo die Udaletxean eta, ondoren, "buddiek" lagunduta (bertako ikasleak, nazioarteko ikasle bati edo gehiagori lagun egingo dietenak hemengo egonaldian), Donostiako hirigunea bisitatuko dute, tokirik esanguratsuenak ezagutzeko.

Deustu, aitzindaria nazioartekotzean eta irakaskuntzaren kalitatean

Deustuk nazioartekotzearen aldeko apustu argia egin du. Horri esker, gaur egun ikasleen %15 Europako beste herrialde batzuetakotik etortzen da, baita Amerikatik eta Afrikatik ere eta, azken urteetan, Asia eta Ozeaniatik. Gainera, datozen urteetan kopuru hori handitzeko ahaleginak egiten ari da. Horretarako, unibertsitatea harremanak estutzen ari da munduko beste eskualde batzuekin, hainbat saretan modu aktiboan parte hartuz, besteak beste, IAJU sortu berrian (International Association of Jesuit Universities), 5 kontinentetan 200 unibertsitate baino gehiago hartzen dituena, eta EAIEn (European Association of International Education), Europako unibertsitate eremuan presentzia areagotzeko. Deustu irakaskuntzaren kalitateari eta berrikuntzari lotutako nazioarteko ranking-etan (Times Higher Education) eta nazioartekotzeari lotutakoetan (U-Multirank) azaltzeak bultzada ematen digu garatzen ari diren esparru berrietan hazten jarraitzeko, horien artean, nazioarteko titulazioetan eta nazioarteko praktiketan. Erasmus+ programaren barruan garatutako proiektuek ikaskuntza formal eta informal hori Europar Batasunaren mugez gaindi hobetzen laguntzen dute, ikuspegi global argia baitute. Hala, Batasunekoaz bestelako herrialdeetara irekita dago, unibertsitateko elkarte osoaren hezkuntza eta prestakuntza gaitasunak eta graduko, graduondoko eta doktoregoko gure ikasleen enplegagarritasuna hobetzeko.