- Termometroek nabarmen egin zuten gora atzo eta beroa izan zen egun eguzkitsuan zehar jaun eta jabe. Eguerdian egin zuen bero gehien eta EAEko toki askotan 40 gradura iritsi zen tenperatura, Gipuzkoako eta Bizkaiako barnealdean batez ere. Gipuzkoari dagokionez, Behobiako estazioak, Irunen, 40,8 gradu markatu zituen 14.40ean eta eguneko tenperatura altuena izan zen.

Miramonen, 40,7 gradu neurtu ziren eguerdian; Arrasaten, 40,6; Ibai Ederren, Azpeitian, 40,4, eta 40 Zizurkilen. Eguerditik hasi eta gaueko 21.00ak arte, Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu zuen tenperatura oso altuegatik.

Hondartzak eta igerilekuak jendez gainezka ikus zitezkeen egun osoan zehar, kalean paseo bat emateko Afrika iparraldetik iritsitako aire beroak ez baitzuen gehiegi lagun-tzen. Uretan sartu eta egun guztia bertan igarotzeko moduko eguna izan zen. Donostiako Ondarretan, adibidez, jendetza ikus zitekeen bainu zoragarri batez gozatzen eta gazteenek, bertako haitzetatik uretara salto batzuk egiteko ere aprobetxatu zuten.

Kalean zebiltzan pertsona askok ur botilak zeramatzaten aldean hidratatzeko eta iturrietan ere jende asko ikus zitekeen eztarria freskatzen. Itzaletako eserlekuak ere protagonistak izan ziren atzo, inork ez baitzuen eguzkitan eseri nahi.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur beroa ipar partean arindu egingo da. Haizea mendebaldetik/ipar-mendebaldetik finkatuko da kantauri isurialdean eta tenperatura asko jaitsiko da bertan, kostaldean bereziki. Araban berriz, bero handia espero da, batez ere hegoaldean, han tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero.

40,8

Gradu neurtu ziren atzo Behobian. Donostian 40,7 gradutara iritsi ziren eta Arrasaten 40,6ra.