"Normaltasunetik gero eta gertuago gaude, baina oraindik COVID-19a ez da gure artean desagertu"
- Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak Diputatuen Kontseiluan hartu ziren erabakien berri emateko prentsaurrekoa eman zuen eta gipuzkoarrek arduraz jokatzen jarraitu behar dutela azpimarratu zuen.
Gipuzkoa astelehenean sartu zen hirugarren fasean eta bertako egoi-tzek aurrez aurreko lehenengo bisitak egin zituzten, oraingoz pertsona batera mugatuta eta astean behin egin ahal izango direnak. "Emozio handiko bisitak izaten ari dira eta moral injekzio izugarria eragiten dute", azaldu zuen bozeramaileak. Hobekuntza honen eskutik, Mendozak iragarri zuen Aldundiak aste honetan bertan utziko diola pandemiaren jarraipena egiten duen eguneko parteak igortzeari, "bilakaera ona baldin bada".
Ezinbestekoa da, hale ere, egoeraren jarraipena. Atzo pertsona batek positibo eman zuen Aretxabaletako GSR Debagoiena zentroan. Horrez gain, zentro bereko beste hiru adineko pertsonak jaso zuten mediku alta eta, beraz, gaur egun lau pertsonak jarraitzen dute diagnostiko positiboarekin. "Horiek ere sendatzen joango direlakoan gaude. Gure arreta eta ahaleginak pertsona horietan zentratzen ari gara azken egunotan", nabarmendu zuen Mendozak.
Hirugarren faseak ekarri dituen gainerako aldaketez ere mintzatu zen Mendoza, eta funtzio publikoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezohiko neurriak kentzen jarraitzen duela azaldu zuen. "Orain arte, gure helburu nagusia alde batetik, zerbitzu publikoa eskaintzen jarraitzea izan da; eta, bestalde, gure langileen osasuna zaintzea", adierazi zuen.
Hasieran, Aldundiak 1.800 langile baino gehiago dituela kontuan hartuta, 900 langile baino gehiago telelana egiten aritu ziren etxetik. Hala ere, orain langileen ia %100a itzuli da berriz ere lanera: "Batzuk telelanean jarraitzen dute kontziliazio arazoak dituztelako; bai hamalau urtetik beherako seme-alabak dituztelako edo baita adineko pertsonak dituztelako etxean eguneko zentroak oraindik zabaldu ez direlako ere", azaldu zuen.
Hala ere, normaltasunera itzultzen ari garenez, uztailaren 4tik aurrera eta irailaren 6ra bitartean, kontziliazio arazoak dituztenak soilik geldituko dira telelanean, modalitate mistoan: gutxienez bi egunetan Aldunditik egingo dute lan eta hiru egunetan etxetik. "Aurrez aurreko zerbi-tzu guztiak irekita daude eta zerbi-tzu publiko egokia ematen jarraitzen dugu", nabarmendu zuen Mendozak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia berpizten laguntzeko betebeharra du une honetan eta arlo horretan, hainbat ekimen burutu dituzte. Alde batetik, Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Plana abian jarri zuten eta 28 milioi euro bideratu zituzten lurraldeko eragile ekonomiko eta sozialei laguntzeko.
Bestalde, arlo fiskalari dagokionez, hainbat neurri hartu dira "malgutasuna" eskaintzeko Gipuzkoako autonomoei eta enpresei. "Gainera, ekonomia suspertzeko eta lanpostuak sustatzeko neurriak ere abian jarri genituen", esan zuen Mendozak. Guzti horrek, 700 milioi eurotik gorako inpaktua izango du Gipuzkoan.
Gobernantza ikuspegitik ere hainbat mahai sektorial abian dira, Gipuzkoako eragile desberdinek dituzten beharrei ahalik eta modu egokienean erantzuteko.
Amaitzeko, zirkulazioaren gaiari ere heldu zion Mendozak. "Guk Bizkaia eta Arabarekin ditugun harremanak estutu egingo dira eta zirkulazioa baimendu egin da dagoeneko. Baina baditugu eskaerak ere mugaz gaindiko lurraldeekin", adierazi zuen.
Zentzu horretan, Bidasoa eskualdean harreman "oso estuak" daudela azaldu zuen, bai familia artekoak eta baita harreman komertzialak ere, eta muga hori zabaltzea "lehentasunezkoa" dela nabarmendu zuen. Beraz, Espainiako Estatuari muga irekitzeko eskaria egin zion.
Bestalde, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko mugikortasuna ere mahai gainean dago eta datozen egunetan afera horri ere irtenbidea ematea aldeztu zuen bozeramaileak.