Iparralde eta Paris arteko hegaldiak hasi dira
BAIONA. Osasun krisiarengatik aireportuaren ateak ia osoki itxi behar izan zituzten joan den martxoaren 23an eta azken 80 egunetan, mediku, militar eta hegazkin pribatu batzuk besterik ez dituzte hartu. Azken 15 hilabeteetan hiru aldiz itxi dute aireportua, pistaren berritze lanak egin, G-7 nazioarteko gailurra ospatu eta mundu mailako pandemiarengatik. Astelehenetik Air France konpainiak joan etorri bakarra eskaintzen du arratsaldero Lapurdi eta Roissy-Charles de Gaulle artean. Datorren astean bi joan etorri izanen dira Iparraldea eta Paris artean eta egunero hiru hegaldi Lyonera joateko. Lufthansa izan ezik, uztailean konpainia guztiak itzuliko dira, Londres, Charleroi eta Suitza, Rennes, Lille eta Estrasburgorako hegaldiak eskaintzeko.
Miarritzeko aireportutik bidaiatu ahal izan duten lehen erabiltzaileak pozik agertu dira hegaldiak ongi igaro direlako. "Jende ainitz zegoen, 100 inguru, baina tarteak ongi atxiki dituzte besaulki asko hutsak zeuden eta", dio lehen bidaiarietatik batek. "Maskarak jantzi behar ditugu beti eta segurtasun neurriak aski zorrotzak direnez, ohi baino denbora gehiago behar da orain hegazkinetara sartzeko". Familiarekin berriz biltzea berri ona dela azpimarratu dute batzuek, beste batzuek ez dutelarik oraindik ahantzi bi hegaldi kendu zizkietela eta ezin izan zutela nahi bezala bidaiatu. Didier Riché Miarritzeko aireportuko zuzendariaren hitzetan, oro har, bidaiariak lasai daude segurtasun neurriak zorro-tzak direlako. "Berri ona da aireportua berriz irekitzea. Pozgarria da hemengo 67 langileentzat. Gehienak langabezia partzialean daude eta horrela jarraituko dute 2021ko martxora arte behar izan ezkero". Gastu apaleko aparkaleku berriaren eraikuntza izan ezik, bertze inbertsioak gelditu dituzte eta negozio zifraren zortzi milioi euro galdu dituztenez dirulaguntzak eskatu dizkiete tokiko erakundeei. "Urtean, milioi bat eta 200 mila bidaiari hartzen genituen hemen, %16a hego Euskal Herrikoak. Aurten 330.000 erabiltzaile etortzen badira albiste baikorra izanen da. Aireportua zabalik dago baina hegaldi guztiak ez ditugu berehala berreskuratuko konpainiak kinka oso larrian daude eta. Bospasei urte beharko ditugu gutxienez izurrite aurreko egoerara itzultzeko". Osasun krisia hasi baino lehen aireportuaren ateak zabalik zeuden goizaldeko 5.30 eta gaueko 23.00 artean, baina orain hegaldi bakarrekin ordu pare batez baizik ez dute zabaltzen arratsalde hasieran, eta gainera, bertako taberna eta dendak itxita daude oraindik.
Hirutan itxi dute aireportua azken hilabeteetan. Argazkia: Franck Dolosor
Hegaldiak
Datorren astean bi joan etorri izanen dira Parisera arte eta egunero hiru Lyonera joateko. Uztailean ia konpainia guztiak itzuliko dira, Londres, Charleroi eta Suitza, Rennes, Lille eta Estrasburgorako hegaldiak eskaintzeko.