- Herri eta hirietan trafikoa nabarmen murriztu da alarma-egoeraren ondorioz eta martxoaren 14tik 31ra bitartean nitrogeno dioxidoaren maila jaitsi egin da Euskal Herriko hirietan. Donostian, esaterako, batez besteko balioa %41 murriztu da. Trafikoak eragindako kutsadurak, bestalde, %30 egin du behera.

Ekologistak Martxan taldeak txostena egin du, nitrogeno dioxidoaren (NO2) datu ofizialak aztertuta. Datu horiek 2020ko martxoan eta aurreko hamar urteotan Estatuko 24 hiritan dauden 125 neurketa-estaziotan jaso dituzte. Hala, azken hilabeteko airearen kalitatearen argazki "finko" bat eskaintzen du txostenak, alarma-egoera eta konfinamendua ezarri aurretik zein ondoren.

Ondorio nagusien artean, honako hau nabarmendu dute: "Martxoaren 14an alarma-egoera adierazi zenetik, hiri nagusietan nabarmen murriztu da nitrogeno dioxidoak (NO2) eragindako kutsadura atmosferikoaren maila; jaitsiera hori, azken hamarkadako egun berberekin alderatuz, %55ekoa izan da", jakinarazi zuen atzo elkarteak. Euskadi ez da salbuespena izan, eta batez besteko kutsadura murrizketa %46koa izan da: %54 Vitoria-Gasteizen, %49 Iruñan, %41 Donostian eta %40 Bilbon.

Ekologistak Martxan taldeak honako hau ere azpimarratu nahi izan du: aztertutako hiri guztietan, alarma-egoeran erregistratutako NO2en maila azken hamarkadako martxoko bigarren hamabostaldiko baxuena da. Horrez gain, muga-balioaren eta OMEren urteko gidaren oso azpitik mantentzen da.

Lurraldeka begiratuta, Kantauri itsasoko ertzeko hirietan kutsadura gutxiago murriztu da, beharbada zehaztu gabeko faktore meteorologikoengatik. Mediterraneoko itsasertzeko hiriak, ordea, NO2 maila gehien jaitsi dituztenak dira, eta batzuetan landa-estazioetako kon-tzentrazio datuak lortu dituzte. Kalitate hobekuntza horien justifikazioen artean, euriteek eta "ezegonkortasun atmosferikoak" ere airearen kalitate orokorra hobetzen lagundu dutela zehazten du txostenak.

Nitrogeno dioxidoa autoen ihes-hodiek isurtzen duten kutsatzaile ohikoena da, "baita industria eta etxe galdarek ere"; hortaz, haren bilakaera erabat lotuta dago motordun trafikoaren isurketekin, hiriko airearen kalitatean eragiten duen faktore nagusia baita, beti ere txosten honen arabera. Carlos III Osasun Institutua eta Europako Ingurumen Agentziaren arabera, NO2ak 7.000 heriotza goiztiar inguru eragiten ditu urtero Estatuan. "Gas narritagarria da", arnasketako gaixotasunak larriagotzen dituena eta infekzioekiko erresistentzia murrizten duena; beraz, "haren murrizketa zorrotza albiste ona da", egungo osasun-larrialdiko testuinguruan, Ekologistak Martxan taldearen arabera.

"COVID-19 gaixotasunaren krisiak erakutsi du motordun trafikoaren murrizketa eta mugikortasun jarraibideetan izandako aldaketak direla hirietako airearen kutsadura murrizteko tresnarik onenak. Halere, herio-tzak eta arazo larriak sortzen ari den muturreko egoera batean gertatu da", helarazi zuten. Hau da, koronabirusaren pandemiak sortutako egoera "lazgarri" honek Ekologistak Martxan taldeak eta komunitate zientifiko osoak "behin eta berriz esaten dutena berresten du": hirietako trafiko motorduna murrizteak ondorio argiak dituela kutsadura gutxitzean, eta horrek, aldi berean, "osasun publikoaren hobetze nabarmena dakarrela". "Krisi gogor honetatik, konfinamendutik eta pertsonen zirkulaziorako mugetatik behin aterata, egiaztapen horrek hiri-mugikortasuneko politiken bidea adierazi beharko luke, asmo handiko emisio txikiko eremuak ezarriz, garraio publikoa berreskuratuz eta bizikleta eta oinezkoen zirkulazioa indartuz, ibilgailu motordun pribatuaren ordezko garraiobide gisa".

%30

Nitrogeno dioxidoa jaitsi egin da Euskal Herriko hirietan. Donostian batez besteko beherakada %41ekoa izan da eta trafikoari dagokiona, %30ekoa.

%46

Azken hamar urteotako datuekin alderatuta, batez beste kutsadura %46 murriztu da EAEko hiriburuetan: %54 Vitoria-Gasteizen, %41 Donostian eta %40 Bilbon

Ondorioa. "Bada ondorio positiborik ere koronabirusaren pandemiari aurre egiteko itxialdi neurriak direla eta", Bilboko Ingeniaritza Eskolako Iñaki Zuazo Urionabarrenechea irakasleak eta Eduardo de la Torre Pascual ikertzaileak egiaztatu ahal izan dutenez. Haien kalkuluen arabera, UPV/EHUren aurrez aurreko jarduera ia hiru astez etetearen ondorioz, 1.577 tona CO2 gutxiago isuri du unibertsitateak; hau da, urtero sortzen duenaren %5,63 izango litzateke kopuru hori, aipatutako bi ikertzaileen datuen arabera.

Lankidetzan. Jasangarritasun Zuzendaritzak mugikortasun ohituren inkestan lortutako emai-tzak hartu zituzten abiapuntu Zuazok eta De la Torrek azterlan hau egiteko garaian. Aipatutako inkesta unibertsitateko kideei egin zieten 2018. urtean. Europa mailan egin zuten, U-mob sarearen barruan dauden beste unibertsitate batzuekin lankidetzan. Ekimen horretan, unibertsitateko kideen mugikortasun ohiturak aztertu zituzten.