“Babes handia jaso dugu. Jendeak badu Goierriko jazzaldiaren berri”
Atzo hasi zen Ordizian Goierriko jazzaldia eta gaur bi kontzertu izango dira; bihar, hiru Araman
ordizia - Uztaila jazz erritmoekin iristen da Goierrira orain zazpi urtetik. Goierriko jazzaldia antolatzen dute Urtzi Etxeberria itsasondoarrak, Jon txurruka ordiziarrak, Joseba Basarte aramarrak eta Nohan Alberdi tolosarrak.
“Jazza gustura entzun izan dugu eta ikusten genuen halako jaialdi bat falta zela”, aitortu du Etxeberriak. Atzo bertan hasi zen zazpigarren edizioa, Amonane tabernan, non Jon Piris kontrabaxuak bere Trizak proiektua aurkeztu zuen Hasier Oleaga bateriajole eta Julen Izarra saxofonista, tenore eta sopranoarekin batera.
Gaur, berriz, bi emanaldi izango dira, plaza nagusian. Donostiako Dizzy Do Quintet boskoteak 19.30ean hasiko du kontzertua eta 23.00etan Raven talde frantsesaren txanda izango da. Bihar ere egongo da jazz erritmoez gozatzeko aukera, baina ez Ordizian, Araman baizik. Hiru kontzertuk hartuko dute Goierriko herri txiki baina eder hau, aire librean eskainiko diren saioetan. Arratsaldeko 18.00etan, Ziriborro Jazz Band-ak hasiko da Edorta de Pedroren gidaritzapean. Kontzertu honen helburua Goierriko Musika Eskolen parte hartzea bultzatzen jarraitzea da eta De Pedrok Ordizia, Zumarraga eta Donostiako musikariekin taularatuko du bere apustua. Swing eta jazz tradizionala izango da nagusi, Nina Simone eta Van Morrisonek kantuak joz, besteak beste. “Gozatzeko kontzertua” izango dela azaldu dute antolatzaileek.
19.30ean, aldiz, Nacho Soto pianojolea igoko da taula gainera bere Nacho Soto Experiment 64 proiektua aurkeztera. Rock eta jazzaren fusioa egiten du Sotok batez ere, eta bere taldekideek, beste hainbaten artean, Donostiako musika hamabostaldian eta Heineken Jazzaldian parte hartu izan dute. Azken kontzertua 21.00etan hasiko da eta Angel Unzu Cuarteto Elektrico taldearen txanda izango da. Azken diskoaren ondoren gitarrajole eta konposatzaile honek beste hiru jazz joleekin batera aurkeztuko du azken lana. Horretarako Gonzalo Tejada, Juan Manuel Urriza eta Andrzej Olejniczak izango ditu alboan.
jendearen erantzuna Orain arte izan duten harrera ona nabarmendu du Etxeberriak: “hasi ginenetik jendeak oso erantzun ona izan du. Badakite uztailean jazzaldi bat dagoela Goierrin eta kalitatezko musikarien kontzertuez gozatzeko aukera izango dutela”. Aurtengo eskaintza “zabala” izango da: “Denetik izango da entzungai: jazz estandarra, bereziagoa abestiekin, elektronikoagoa... jende guztiaren-tzako modukoa”, gehitu du.
Emanaldi guztiak doakoak izango dira eta beste urteetan, behintzat, zaila izaten da leku bat aurkitzea, jendez betetzen baitira bai Ordizia eta baita Aramako entzuleen txokoak ere.
Más en Actualidad
-
Donostiako Trebe enpresa teknologikoa: komunikazio digitalean euskarari bidea zabaltzen
-
Etorkizun jasangarri baterako hezkuntza Usurbilen
-
“En el caso de la vivienda, el problema de base no es que los jóvenes necesiten más deducciones fiscales, sino la falta de oferta y los precios”
-
Una tromba de agua corta la carretera a Arantzazu