donostia - Santa Klara uhartea argiztatuko du Udalak krisi humanitarioa gogoratzeko egingo den #Light4Refugees kanpainaren baitan. Espainiako Immigrazio eta Errefuxiatuen Laguntzarako Sareak jarri du abian eta irailaren 2an gogorarazi nahi du bizi dugun krisi humanitarioaren ondorioz milaka lagun hil direla Mediterraneoan.

Donostia Europako Kultur Hiriburua den honetan, Udalak ekinbide hori babesteko erabakia hartu du eta Santa Klara uhartea argiztatuko du iluntzeko 21.45etik aurrera.

Horrez gain, argiztaturiko uhartearen irudia hedatuko du sare sozialen bidez eta irudi hori Euskadiko beste zenbait udalek eta Eusko Jaurlaritzak berak zabalduko dutenari gehituko zaio, denen artean krisi lazgarri horren ondorioz hil diren biktima errugabeak gogoratzeko. - N.G.