deba - Itziarko bizilagunek horrenbeste maite dituzten Kopraixak ospatuko dituzte bihartik datorren asteazkenera bitartean. Urtero bezala mota askotako ekintzak izango dira jai egun guztietan Itziarren.
Festak girotzen joateko Mutriku, Deba, Itziar eta Lasturko bertsolarien arteko desafioa izango da bihar (23.30ean) Burugorri gunean.
Edonola ere, jaiak “ofizialki” larunbatean abiatuko dira, 19.00etan botako duten txupinazoarekin eta Marixiren jeitsierarekin, hain zuzen ere.
Hori bai, horren aurretik, frontenis txapelketako finala (12.00etan), I. Itziar trail lasterketa (16.00), haur krosa (16.15) eta Debako musika bandaren kalejira (18.30ean, buruhandiekin) izango dira. Txupinazoaren ondoren, berriz, Bertso eskolako kideen saioa, danborrada, meza eta Salbea (20.30ean) eta Egan taldearekin erromeria egongo dira Itziarren.
Iganderako prestatutako egitaraua zezenekin hasiko da (7.00etan) eta horren ondoren meza (11.00), txakoli dastaketa, Aimar Irigoien harrijasotzailearen erakustaldia, XXIII. Dantza solteko txapelketa (18.00), rekortadoreak eta Aukeran dantza konpainiaren Maurizia ikuskizuna (23.00etan) izango dira.
Astelehenean Bikoteen eguna ospatuko dute Itziarren (egun horretan kalejirak, bertsolariak, herri bazkaria, bikoteen arteko jolasak, zezenak eta erromeria egongo dira) eta asteartean umeei eskainitakoa.
Festei amaiera ona emateko, itziartarrek Kopraixetako Gazteen eguna ospatuko dute datorren asteazkenean egitarau zabalarekin. - J.Leon