Dendara sartu eta euskaraz aritzeak saria izango du. Merkataritzan eta ostalari-tzan ere euskaraz kanpainaren baitan, herritarrek ere euskaraz aritzeko urratsa eman dezaten bultzatu nahi dute eta horretarako lehiaketa berezia antolatu dute, hilaren 14ra arte: denda eta tabernetan euskara erabiltzen duten bezeroek truke-txartel bat jasoko dute eta zein sari duen jakiteko, Donostiako kaleetan jarriko diren postu ibiltarietara joan beharko dute. Han panel bat egongo da zenbakiekin eta truke-txartela duenak horietako bat aukeratuko du saria eskuratzeko. Sariak 25, 35 eta 50 euroko erosketa txartelak izango dira, herritarrak truke-txartela eskuratu zuen establezimenduan gastatzeko. Sari horiez gain, beste hainbat produktu sorta irabazteko aukera ere egongo da.
Lehiaketan 286 denda eta tabernek hartuko dute parte eta Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz kanpainan ziurtatu da gutxienez 626 establezimendutan euskaraz aritzeko aukera dutela bezeroek. Eranskailu bat dute jarrita kanpainan parte hartu dutenek eta lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa ere hartu dute.
“Udalak erraztasunak eman nahi dizkio euskara erabili nahi duen herritarrari eta horretarako ari da identifikatzen zerbitzua euskaraz eman dezaketen establezimenduak. Horrekin batera, garrantzitsua irudi-tzen zaigu donostiarrak animatzea hiriko denda eta establezimenduetan euskaraz egitera eta asmo horrekin antolatu dugu lehiaketa hau”, azaldu zuen atzo Miren Azkarate zinegotziak.
Truke-txartelen saria ezagutzeko postu ibiltariak bihar Antiguan egongo dira 10.00etatik 14.00etara (José María Sert eta Gaskoina), eta Erdialdean 16.30etik 20.30era (Loiola kalean eta Bulebarrean). Hilaren 14an, berriz, Intxaurrondon egongo dira goizean (Sagastieder eta Basotxiki kalean) eta Amara Zaharrean arratsaldean (Easo plazan eta Urdaneta kalean).
Postu hauetara hurbiltzen diren gainerako herritarrek ere kanpainan parte hartzeko aukera izango dute bertan proposatutako ekintzaren bat eginez gero, sariren bat lortzeko zozketan parte hartuko baitute.
Lehiaketa Donostiako Udalak Donosti SShops, Gipuzkoako Merkatarien Federazioa eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearekin batera antolatu du, baita auzoetako eta euskararen alde lan egiten duten zenbait elkarterekin batera ere.