Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde auzotako jaiak amaitu dira, baina oraindik egongo da jaiez gozatzeko aukera.Oraingoan herri osoan izango da festa giroa. Bihar Ama Birjinak hasiko dira eta igandera arte giro ezinhobea izango da Zarautzen. Bestalde, aipatzekoa da aurtengo ekimenik bereziena Desioak Sutan i zango dela. Duela bi urte egin zen lehen aldiz, eta ekimenaren arrakasta ikusita, aurten hainbat udalerritan botako dituzte su bolak zerura, eta noski, Zarautzen ere ez da gutxiagorako izango. Horretarako, igandera arte itxaron beharko da, baina bitartean ere izango dira hainbat aukera heldu naiz txikienentzat.

Bihar 12.00etako suziriarekin hasiko dira festak Lege Zaharren Enparantzan, Jaine txarangaren lagun-tzarekin. Arratsaldeko 19.00etan buruhandiak eta erraldoiak izango dira trikitilariekin batera, eta Zarauzko parrokian, Schola Cantorumek Salbea abestuko du (20.00). Egunaren amaieran, Sukar taldea arduratuko da Musika Plazan giroa berotzen.

Etzi, larunbata, egitarau zabala izango da. Zelai Ondoko bolatokian, bolo eta toka txapelketa irekia egun osoan zehar izango den bitartean, goizeko 11.00etan Zarauzko parrokian, Meza Nagusia izango da Schola Cantorumek abestuta. 12.00etan buruhandi eta erraldoiak izango dira berriz trikitilariekin, eta ondoren Lizarrako Dultzaineroen kontzertua izango da Musika Plazan. Arratsaldean estropadak izango dira, Zarauzko VII. Ikurrina lehiatuko da, eta jarraian TKE Liga, Zarauzko XXXVIII. Ikurrinarekin. Bitarte horretan, Munoan, San Miguel Ligako gune ludikoa egongo da 17.00etan hasita. Biharko egunean su artifizialak izango dira hondartzan 23.00etan, eta hori baino lehen, behin suak amaituta, Musika Plazan dantzaldia izango da Triki ta ke taldearen eskutik.

Igandean Munoan, San Miguel Ligako gune ludikoa egongo da 11.00etatik aurrera, eta larunbatean bezala, Zarauzko VII. Ikurrina eta Zarauzko XXXVIII. Ikurrina (TKE Liga) lehiatuko dira 12.00etan. Ordu berean, buruhandi eta erraldoiak izango dira trikitilariekin batera.

desioak sutan ekimena Ekimen honi hasiera emango zaio 16.00etan, Sortaldea Kultur Eremuan, eta hainbat ekitaldi izango dira; besteak beste, Jaima sahararra, musika, eta tea. Ondoren, haurrentzako pailazoak izango dira.

Su bolak zerura bota ahal izateko, 20.00etatik 21.45ra hartu beharko dira txartelen batzuen truke. Su bolak airera botatzeko garaia iristean, Aziza Brahimek eta Eñaut Elorrietak ekimen honetarako sortu duten Desio bat dut abestia jarriko dute. Dena den, hori baino lehen Aziza Brahimen musika taldeak eskainiko duen kontzertua zuzenean gozatzeko aukera izango da Sortaldean, 20.00etatik 21.30etara. Ondoren, Tik Tara taldeak emango dio amaiera hiru jaiegun hauei Musika Plazan eskainiko duten kontzertuarekin.