1. printzipioa: Gardentasuna

Erantzukizun Sozial Korporatiboaren (ESK) lehen printzipioa gardentasuna da: enpresak argi eta garbi azaldu behar ditu bere erabakiak, jarduerak eta inpaktuak. Ez da nahikoa legea betetzea: jendeari jakinarazi behar zaio zer egiten den eta zergatik. Horrek zera nahi du: kontuen berri ematea, barne-komunikazioa lantzea eta erabakiak partekatzea. Gardentasunak konfiantza sortzen du, eta ezinbestekoa da langile, hornitzaile, bazkide eta gizarte osoarekiko harremanean.

2. printzipioa: Etika

Enpresa baten arrakasta ez da soilik irabazietan neurtzen, baizik eta bere jardueraren oinarrian dauden balioetan. Etikak esan nahi du legea betetzea, baina baita legezko gutxiengoa baino harago joatea ere. Hor sartzen dira langileekin tratu zuzena, hornitzaile txikien baldintza duinak eta lehiakideen aurkako praktika desleialik ez egitea. Etika da eguneroko jardunaren oinarria izan behar duena, erabaki estrategikoetatik harreman txikienetara arte. Konfiantza lortzeko bide bakarra da: jokabide zuzena eta zintzotasuna.

 3. printzipioa: Giza eskubideak

Enpresak eragile sozialak dira, eta berehalako ingurunetik harago ere badute eragina. Giza eskubideen errespetuak bi arlo nagusi hartzen ditu: batetik, langileek lan-baldintza duinak eta berdintasunezko tratuak jasotzea; bestetik, enpresak eragiten duen inguruko komunitateari zor dion arreta. Ez da onargarria lan-esplotazioa, diskriminazioa edo eskubide urraketak bereziki ahulenak diren pertsonekin. Giza eskubideen ikuspegitik, enpresak bere jarduera osoan begirada kritikoa izan behar du, bere kate osoan barne.

 4. printzipioa: Garapen jasangarria

Jasangarritasunak esan nahi du epe luzera pentsatzea, baliabide naturalak zaintzea eta klima-aldaketaren aurka lan egitea. Energia berriztagarrien alde egitea, hondakin gutxiago sortzea, material birziklatuak erabiltzea eta emisioak murriztea dira jardunbide nagusiak. Baina jasangarritasunak ikuspegi integrala behar du, produkzioa, logistika, hornitzaileak eta kontsumoa kontuan hartuta.

 5. printzipioa: Gizarteari ekarpena egitea

Enpresa baten eragina ez da soilik ekonomikoa. Hori horrela, gizartean eragin positiboa izateko konpromisoa da bosgarren printzipioa. Hor sartzen dira boluntariotza-programak, komunitatearekin elkarlana, hezkuntza-proiektuetan parte hartzea edo pobrezia eta bazterkeriaren aurkako ekintzak. Ongizate hori ez da kanpora begira bakarrik ulertu behar: giroa, ordutegiak, kontziliazioa eta berdintasuna ere barne hartzen ditu.

Zer egin dezake nire enpresak?

ESK-k benetako eragina izango badu, ekintzak behar ditu. Lehen urratsa da enpresaren ahulguneak identifikatzea: zer hobetu dezakegu? Ingurumenaren arloan, energia berriztagarrien aldeko apustua egin edo hondakinak murriztu daitezke. Gizarteari dagokionez, gertuko proiektu sozialetan parte hartu, dohaintzak egin edo langabezia handiko guneetan bizi direnen kontratazioa lehenetsi daiteke. Langileen kasuan, lanaldi malguak edo komunikazioa hobetzeko tresnak ezarri daitezke.

Adi, hau ez da konpromisoa, hau itxurakeria da

Marketin kanpaina bat abian jartzeak ez du esan nahi gure enpresa eredugarria denik ESK arloan. Hobekuntza edo ekintza jakin batzuk martxan jartzeak irudiari baino ez diote mesede egiten, ez dute konpromisoarekin zerikusirik. “Greenwashing” delakoa horren adibide argia da: burua zuritzeko kanpainak dira, ekintza puntualak abiatuz luzerako neurririk hartu gabe. Adibidez, produktu baten etiketan "jasangarria" hitza adieraztea, enpresa horren ekoizpen prozesua kutsakorra izan arren edo elkarte bati dohaintza bat egitea behin bakarrik. ESK estrategia koherentea eta iraunkorra izan behar da.