Bilbao - Gogoratzekoa izan zen atzo Ibilaldiaren inguruan Bilbon bizi izandakoa. Ordu batzuk lehenago Bartzelonatik albisterik pozgarriena heldu ez bazen ere, giro ezinhobean gozatu zuten milaka eta milaka lagunek Bizkaiko ikastolen jai handiaz. Harrobia Ikastolak prestaturiko egitarau bikaina ezin izan zen uztartu lehoiek ekar zezaketen berriarekin, baina arin indarberritu ziren bizkaitarrak eta egun biribila bizi izan zen itsasadarraren alde bietan. Eguraldia lagun, euskarazko lan-heziketaren aldeko oroitzeko moduko jardunaldi ederra ospatu zen atzo Miribillatik Abandoibarraraino, eszenatoki ezin aproposagoan.
Larunbateko finalak atzoko festa baldintzatu zuen, baina ez zuen inola ere lausotu. Ibilbidearen egokitasunak, eguzkiaren laguntzak eta parte hartzeko nahiak kaleak betetzen lagundu zuten. Horren seinale, eguerdirako itsasadarrean zebilen jende-tza. Edo Miribilla eta Bilbo Zaharreko kontzertuen inguruan bildu zena. Areatzan eta Uribitarteko pasealekuan familiak nagusi baziren, gazteek hartu zituzten Harrobia Ikastolaren inguruko bi guneak. Han, lan-heziketa zentro honen aurrean, eman zitzaion hasiera egunari, 9.30ean, eta han kontzentratu zen jaia hiriko hainbat lekutara zabalbu baino lehen.
Harrobia Fundazioko presidente Juan Carlos Gomezek hartu zuen hitza eta euskarazko lan-heziketa hedatzeko zentro honen “erreferentzialtasuna” nabarmendu zuen. Horrekin batera, Bilbon euskara sustatzeko duen garrantziaz min-tzatu zen eta Bilbo Zaharra suspertzea ere bere helburuetako bat dela azpimarratu zuen. Adierazi zuenez, “lankidetzaren” ondorioa da Harrobia Ikastola, eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Euskaltzaindia edo Ikastolen Elkartetik etorritako ordezkariek ere egitasmo honekiko beren konpromisoa argi utzi zuten. Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok “abangoardian” kokatu zuen orain lau urte jaio zen proiektu hau, eta Ibone Bengoetxeak, oraindik ere Bilboko Udalaren izenean, Bizkaiko hiriburuarentzat duen garrantziaz egin zuen berba. Ildo beretik jo zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurre-koetxeak: “Elebidun kopuru handia dago eta euskara normaliza-tzeko prozesuan Bilboko harrobia behar dugu”.
Bilbo Zaharreko zentro honetako zenbait ikasleren performance baten ostean, hasiera ofiziala eman zioten ibilbideari. Lehen orduan oso giro lasaia bizi izan zen gune gehienetan. Denbora behar izan zen eguna berotu arte. Dena dela, eguerdia hurbildu ahala kaleak betetzen joan ziren. Alberto Garcia basauritarra eta Oier Coria, Errekalde auzoko bizilaguna, Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustatzeko zikloko ikasleak dira Harrobia Ikastolan, eta atzo jaian lan egin behar izan zuten. Goizeko 11.30ak pasatxo oso balantze positiboa egiten zuten bizi izaten ari zirenaz: “Hasierako ekitaldian parte hartu dugu eta gauzak nahiko ondo atera dira, hilabete inguru eman dugu entseatzen! Esan digutenez, ibilbide gehiena beteta dago eta badirudi jendea animatu dela. Egia da atzokoa oso egun berezia izan zela eta gu ere baldintzatu gintuen, baina jendeak Ibilaldiaren deiari erantzun dio”.
Eurengandik metro batzuetara, Harrobi plazan, Joseba Agirre harri-zulatzailea Ezkerraldetik etorri zen Bilbo Zaharrera erakustaldi batean parte hartzeko: “Gu ere finalarena nabaritu dugu eta ez gara taldeko den-denak etorri. Hala ere, oso egun polita izaten ari da. Bilbo denez, jende asko nabaritzen da, hasieran gauzak lasaiago egon diren arren. Guretzat beti izaten da pozgarria horrelako ekitaldietan egotea eta tradizio hau ezagutaraztea”.
kontzertuak Antolatzaileek bi guneren puntu nagusiak Miribillako parkearen inguruan kokatu zituzten eta lehen orduan landak hutsik egon baziren ere, denbora pasa ahala bete-tzen joan ziren. Inguru honetan ere Kopako finalaren biharamuna nabarmena zen eta Athleticeko hainbat kamiseta ikus zitezkeen. Porrotaz harago, harro. Zea Maysen kontzertua jende gehien erakarri zuenetakoa izan zen. Bilbotarrek aurtengo edizioaren kanta egin dute eta oso asteburu berezia bizi izan dute, zelan ez, finalak baldintzatuta. Bilbon antolaturiko bosgarren Ibilaldian, beraz, ezin izan zen gehiagorik eskatu eta datorren urtean Durangoko Kuru-tziaga eta Ibaizabal ikastolek eusti beharko diote maila altu horri.