Bere aitak, Joxe Iriarte Bikilak, jasandako torturak abiapuntu hartuta, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 txostenaren inguruko dokumentala ondu du Ander Iriarte zinemagileak. Bertan, Istanbuleko protokoloa eta tortura psikologikoaren hegiak aztertu ditu, psikiatra, psikologo eta abokatuen eskutik.

Dokumental honek, nolabait, aitarekin duzun erlazioan sakontzen lagundu dizu?

Dokumentala ez da soilik nire aitan zentratzen, erantzuna ematen saiatu naiz ikerketa argitaratutakoan sortu zitzaidan zalantza bati: non jarri ote du gure gizarteak torturaren muga, zeinetan adituek esaten ari diren gauza asko tortura direla baina guk ez ditugun torturatzat hartzen. Noski, horrek edozein erlazio sakontzera eramaten zaitu. Hemen gertatutakoaz hitz egiteko premia handia dugu Euskal Herrian. Badago, behar bezala sendatzeko, zauri horiek ezin dituenik ere. Beraz, bai, esango nuke aitak eta biok gure erlazioan sakondu egin dugula gauzei izena jarriz, horrela errazagoa baita aurre egitea.

Tortura isilpean eraman izan da.

Dokumentala Eusko Jaurlaritzak ateratako ikerketaren ingurukoa da. Kontua da, gure etxean askotan jaso dudala torturaren denuntzia, banekien bazirela, istorio gordinak entzunak nituen, baina ikerketaren aurkezpenera joan nintzenean jabetu nintzen torturaren dimentsioarekin. Ikerketan erakusten diren zifra finalak, zalantzarik gabe demostratu ahal izan dituzten torturenak baino ez dira, hau da, izebergaren punta. Horren atzean sistematizazioa zegoen, tortura psikologikoa eta ezkutuan gertatzeko kapazitatea. Eta ez hori bakarrik, elektrodoak jartzen ez bazizkizuten, ia bortxatzen bazintuzten edo hanka bat hausten ez bazizuten, badirudi gizarteak ez zaituela torturatu kontsideratzen; eta, orduan, isilik mantendu behar eta tinko eutsi. Ikerketan deskribatzen zirenak entzun nituenean, kaleak sutan jarriko zirela eta jendeak erantzukizunak eskatuko zituela pentsatu nuen. Nazio Batuetako hiru errelatorek baieztatutako txostena da, eta ez zen deus gertatu. Txostena irakurtzen hasi orduko konturatu nintzen zeinen zaila den ikerketa hori irakurtzea.

Orduan erabaki zenuen dokumentala egitea.

Badira 30-40 urtez tortura ikertzen jardundako ikertzaileak. Hor zegoen informazio guzti hori sintetizatzen saiatu gara, kontu, mimo eta zaintza handiarekin, eta bi orduko pelikula bihurtu dugu. Ulerterraza izatea espero dugu eta, aldi berean, egiarekin eta datuekin oso eskrupulosoa.

Tortura modu batzuekin, halakorik ez duela jaso pentsarazten zaio torturatuari.

Tortura psikologikoa semantika kontua da, neo-hizkuntza bat. Tortura psikologikoa terminoa asmatu zuenak, legalagoa izango zenaren antza eman nahi izan zion, suabeagoa. Baina burua eta gorputza ezin dira banandu. Azkenean, tortura psikologikoa markarik uzten ez duen tortura da. Buruan ditugun mekanismoak erabiltzen ditu, ahalik eta minik gehien egiteko, markarik utzi gabe. Jakina, pertsonak ez du orbainik zer egin dioten ikusarazteko, eta orduan, bigarren birrintze bat eragiten da, torturatua errudun eta lotsaturik sentiarazten dute besteei egindako eraso fisikorik ez diotelako egin. Trauma erabatekoa da.

Senideei mina ez sortzeko bidean isiltzen dena berbiktimizatzen ari da.

Mina minbizi bat bezalakoa da. Pertsona bat torturatzen duzunean eta tortura hori leku batean kokatzen duzunean sufrikarioa familiara zabaltzen da eta, mila modutan, minbizia bezala hedatzen da. Familiak eta lagunak beldur dira, ez dute zer gertatu den galdetu nahi erantzunaren beldur direlako eta, aldi berean, ez dutelako berriro sufriarazi nahi. Modu batean zein bestean, pertsona birrintzea lortzen du torturak, baita ingurua ere. Hor ere bistakoak dira motibazio politikoa eta motibazio estrategikoa.

Profesionalen gain jarri duzue fokua, nahiz eta lehen pertsonan kontatutako testigantzak ere badiren. Gogorra izango zen momentu horiek kamerarekin hartzea.

Ez genuen sufrikarioaren esposizio bat egin nahi, hori argi geneukan. Filmean agertzen diren testigantza guztiak ez ditugu guk grabatu, nahita. Ni ez naiz testigantza horiek ateratzen profesionala, nik ez daukat hori aurrera eramateko sentsibilitaterik edo jakituriarik. Inolaz ere, guk pertsona bat grabatu dugu testigantza bat eskaintzen, nola egiten diren konprenitzeko. Bestalde, zorioneko izan gara eta torturatuen eta haien senideen terapia-talde bat filmatzen utzi digute. Hor, psikologoak gidatuta, barruan duten mina ikusi dugu, eta arazo honekiko dituzten beldurrak lehen aldiz konpartitu dituzte, denok izan dezagun ikusteko aukera. Egunerokotasuneko gauza txikietan minbizi honek zer nola eragin dien ikusi dugu. Gogorra da, jakina.

Dokumentala Istanbuleko protokoloaren inguruan eraikia dago. Zertan datza?

Nazio Batasunaren araudi bat da, eta bertan finkatzen da tortura nola dokumentatu behar den. Lehenik eta behin badago mediku forentseentzako protokolo bat. Oso argia da, baina araudiak ez du bakarrik hori kontuan hartzen, aurreikusita baitago Estatuak tortura babesten duen kasuetan lehen parte hori ez dela modu egokian egiten. Badu beste zati bat, hain zuzen ere, ikusezina den hori balidatzeko mekanismoak ematen dituena, alegia, aspektu psikologikoak, eta horiek adituen froga bihurtzen dituena. Araudiak mekanismoak eskaintzen ditu tortura kasua gertatu eta 40 urtera ere tortura testigantza bat egia den ala ez frogatu, jakin eta adien froga bihurtzeko.

Zeri deitzen zaio 'Itziarren semearen efektua'?

Itziarren semearen efektua gure mito propioa da, baina mito hori ia kultura guztietan ageri da; pertsona batek hainbesteko indarra daukanez, edozein tortura jasan dezake bere kausaren alde. Beraz, gudari ona izateko, zure kausaren jarraitzaile sendoa bazara, zure kausan benetan sinisten baduzu, horrek edozein tortura jasateko indarra emango dizu. Noski, hori falazia hutsa da. Ezartzen diguten mito horrek sufrikarioan eragin egiten du, zure kausarekiko traidore bilakatzen zaituelako.