Donostia – Ian Brennanek eta Ryan Murphyk sortutako Monstruo: La historia de Jeffrey Dahmer telesailarekin, Milwaukeeko Kanibala izenez ezaguna den Jeffrey Dahmerren istorioa gaurkotasunera ekarri du berriro ere Netflixek. Stranger Things-en azken denboraldia kaleratu zenetik streaming zerbitzuaren estreinaldirik onena bilakatu den fikzioan, Evan Petersek hezurmamitzen du 17 gizon eta mutiko hil zituen kriminala.

Dahmerrek 1978an hil zuen lehen aldiz, eta aktibo jarraitu zuen 1991ra arte. 16 biziarteko kartzela-zigor ezarri zizkioten Wisconsinen eta Ohion egindako krimenengatik, eta 1994ko azaroan Portageko (Wisconsin) Columbia Erakunde Korrekzionaleko beste preso batek hil zuen.

Plataformaren eskaintzarik arrakastatsuenetakoa izanik, Netflixek kriminalaren historian sakontzen jarraituko du Conversaciones con asesinos: Las cintas de Jeffrey Dahmer dokumental sailarekin.

Joe Berlingerrek zuzendutako sail horretan, egindako hilketak aitor-tzen dituen Dahmerrekin egindako elkarrizketak biltzen dira, eta kriminalaren psikea ere ikertzen da, psikologoen, fiskalen eta biktimen testigantzak baliatuta. 2019an estreinatutako lehen dokumentala Ashley Adamsek zuzentzen du, Dahmerren lehen urteak ardatz dituelarik. Sinopsian laburbiltzen denez, “haurtzaroak, guraso liskartiek, hildako animaliekiko obsesioak, bigarren hezkuntzako portaera arrotzak eta lehen irrika sexualek talka egingo dute, eta noizbait zoriontsu izandako haurra hiltzaile jarraitu kanibal bihurtuko dute”. The Jeffrey Dahmer Files dokumental esperimentala da, eta hiltzailearen istorioa kontatzeko artxiboko materiala, elkarrizketak eta fikziozko birsorkun-tzak biltzen ditu. Chris James Thompson izan da ekoizpenaren zuzendaria.

Arrazakeria salaketak

Bestalde, Munstroa: Jeffrey Dahmerren istorioa polemika berri batean murgildu da. Izan ere, Netflixen proiektu arrakastatsuaren ingurumaria guztia eztabaidan murgilduta baitabil; oraintsu, filmaketa garaian bizitako esperientzian oinarrituta, telesaileko langile batek arrazistatzat jo du ekoizpena, Varietyk argitaratu duenez.

Kim Alsup produkzioko laguntzailea izan zen, eta estreinaldia zela eta, txio bat argitaratu zuen filmatzerako orduan bere lana nolakoa izan zen kontatuz, eta grabazio-setean larru koloreagatik jasan zuen diskriminazioa salatuz. Ez, gainera, konpainiako goi-karguen partetik, bere lankideengandik baizik.

“Taldeko bi pertsona beltzetako bat neu nintzen, eta beti bestearen izenaz deitzen zidaten”. Bere izena ikasteko interesik ezak eragindako etengabeko nahasteek, azkenean jota utzi zuten produkzio laguntzailea. “Ekoizpen horretan lan egiteak hustu egin ninduen, oso gaizki tratatu ninduten. Protagonista beltza bera ere bestela ikusten dut orain”, azpimarratu zuen.

Alsupek elkarrizketa eskaini dio berriki Los Angeles Times egunkariari, grabazioan gertatutakoa zehatz-mehatz azaltzeko. Lehenik eta behin, telesaila ikusteko gauza ez dela izan baieztatu du. “Lanean nenbileneko oroitzapen gehiegi ekarriko dizkidala uste dut. Ez dut horrelako TEPT egoerarik pasa nahi (trauma osteko estres-nahasmendua)”, dio.

Horrez gain, Anatomía de Grey eta ¿Quién es Anna? telesailetan aurrez lanean jardundako produkzio-laguntzaileak azaldu duenez, ekoizpen horretan ez omen zegoen osasun mentaleko laguntzarik langileentzat, baldintzak are eta zailagoak eginez. “Lanerako telesailik txarrenetakoa izan zen. Beste norbaiten izenaz deitzen zidaten beti, nire an-tzik batere ez zuen beste neska beltz bakarraren izenaz. Nik 300 estren izenak ikasi nituen”, dio Alsupek.

Ez da hau Munstroa: Jeffrey Dahmerren istorioa astindu duen polemika bakarra. Estreinaldiarekin batera, eurekiko inolako errespeturik edo begirunerik ez zutela izan salatu zuten telesaileko biktimen senide batzuek. Bestetik, Katy Perry bezalako hainbat artistei eraso egin diete sare sozialetan, euren abestien letra zaharretan serieko hiltzailea erromantizatzen duten esaldiak txertatzeagatik.