Café con aroma de mujer telesailarekin William Levy aktoreak arrakasta itzela lortu zuen nazioarte mailan, emakume asko bere besoetan errenditzeraino; Mercedes Milák berak ere inolako eragozpenik gabe aitortu du aktorearekin “maitemindu” zela, eta hortik abiatuta, Movistar Plus taldea Milá y Levy programa sortzeko lanean hasi zen, eta datorren astelehenean eskainiko da plataforma horretan.

“Levyrengana zapping eginez iritsi nintzen halako batean, eta gero bere bila ibili nintzen bera protagonista duen telesail horretara iritsi arte. Community Manager den nire iloba ere ikusten ari zen, eta mezu bat jarri genion Instagramen, sortu zuen perfekzio horrengatik bere amari eskerrak emanez. Kasualitatez erantzun egin zigun, eta orduan elkarrizketa eskatu nion, eta hortik sortu zen hau guztia”, azaldu du kazetari katalanak.

Hasiera batean, elkarrizketa Instagram bidez egitekoak ziren, baina Levyk Espainiara etorri behar zuen Café con aroma de mujer seriea sustatzera, eta aurrez aurre egitea erabaki zuten. Hortxe sartu zen egitasmo honetan Movistar Plus, eta Zanskar Produccionesekin batera elkarrizketa ekoiztu eta programa bihurtzea erabaki zuten. “400 pertsona baino gehiago biltzen zituen antzoki bat topatu behar izan genuen; publikoa oso zorrotz hautatua, Levyren jarraitzaileak baino ez baitziren izango”, adierazi du Milák, eta aitortu du “maitemin fisiko eta mentalean pentsatuz” prestatu zuela elkarrizketa, “orain aktorearen jarraitzaileen klubeko kide naiz; William Levyk zoriontasuna ematen du”.

Milá “bere onenean” Modaren eta interpretazioaren munduan bere lehen urratsak nolakoak izan ziren galdetuko dio Mercedes Milák William Levyri, arrakastari buruz eta ekoizle eta enpresari gisa burututako proiektuez. Espainian filmatzen ari den Montecristo telesailari buruzko argibideak ere emango ditu aktoreak, eta bihotza irekiko du maitasunaz eta aitatasunaz ere hitz egiteko. Gainera, tarteka, Milák jarraitzaileei luzatuko die hitza Levyri zuzenean eurek galdetzeko.

Saioaren zuzendari David Moncasiren hitzetan Milá “bere onenean” aritu omen zen.

Kazetari kataluniarraren eran-tzuna borobila eta garbia izan da: “Ez zen ohiko elkarrizketa bat izan, erabat lorrinduta nengoen, emozioak puri-purian egon ziren uneoro. Bukatu nuenean ez nekien hanka sartu nuen ala ondo ote zegoen” aipatu du irribarrez.

Milák Movistar Plusekin duen lankidetza ez da hemen amaituko, Jorge Ortizek, plataformako zuzendari exekutiboak, “gauza gehiago egiteko” borondatea adierazi baitu. Izan ere, aste ba-tzuk barru hasiko dituzte Milá vs. Milá programaren hirugarren denboraldiko grabazioak. “Programak geruza asko ditu, eta nolakoak ginen eta orain nolakoak garen konprenitu ahal izango du ikusleak”.