Gasteiz – FesTValaren antolakuntzatik hasi dira hainbat xehetasun azaltzen, besteak beste, Dokumental Asteko egitaraua. Alfonbra laranja aurki jarriko dute, Gasteizko Telebista Jaialdiaren zazpi egunetan Arabako hiriburura biltzen diren gonbidatu guztiek desfilea egin dezaten.

Gasteizko Telebista Jaialdiaren (FesTVal) XIV. edizioak Canal Hisoriaren Coliseo superprodukzioaren lehen bi atalen estreinaldia eskainiko du inaugurazio egunean. Sail dokumental horretan fikziozko birsortze historikoak eta adituen parte-hartzea uztartzen dira.

Proiekzio horrekin abiatuko da FesTValaren Dokumental Astea, bertan estreinatuko direlarik esklusiban, irailaren 5etik 8ra bitartean, AMC Networks Internationalen lau dokumental-kanaletako nobedade nagusiak: Historia, Odisea, Break eta Crime, lauak ere ordainpekoak.

Eduki aniztasuna Erromatar Inperioaren loraldiaren eta gainbeheraren historia kontatzen du Coliseok, bertan borrokatu eta hil zirenen ikuspegitik. Gasteizen ikusiko diren bi kapituluetan Prisco eta Vero gladiadoreen bataila epikoa, eta Domiziano enperadoreak Haterio eraikitzaileari egindako enkargu konplexua konta-tzen dira.

Hurrengo egunean, asteartean, hilak 6, Jane Goodall: La esperanza de los chimpancés (Odisea) dokumental-sailaren lehen atala proiektatuko da. 30 urte luzez grabatutako ekoizpen horretan, Afrikako txinpantze umezur-tzentzako santutegirik ederrenaren sorrera behatu ahal izango dugu, aurrez inoiz ikusi gabeko irudiak lagun.

Asteazkenean, irailaren 7an, The New York Times egunkariak ekoitzitako Elon Musken istripua (Break) dokumentala estreinatuko da, Tesla auto autonomoek eragindako istripu hilgarrien ezkutuko aurpegia agerian uzten duelarik.

Hilaren 8an, ostegunez, Controlling Britney Spears (Crime) eskainiko da, aitak artistaren gainean izandako tutoretza zorrotza ikertuz. The New York Timesek ekoi-tzi eta Emmy Sarietarako izendapena jaso zuen dokumental honetan, bere inguru hurbileneko pertsonei egindako elkarrizketen bitartez, agerian uzten da pop musikaren izarrak 2008tik 2019ra arte 13 urtez jasan behar izan zuen zaintza neurrigabea, halako batean bere tutoretzaren aldeko borroka legala argitara atera zen arte, #FreeBritney mugimendua sortzea ere ekarri zuelarik.

Dokumentalen emanaldiak Vital Fundazioa Kulturunean eskainiko dira 19.30ean eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte, jaialdiaren antolatzaileek aurreratu dutenez.

AMC Networks Internationalek bere dohako kanalen eta AMC+, Internet bidezko zuzeneko transmisio-zerbitzu berriaren berrikuntza nagusiak ere aurkeztuko ditu FesTValen. – M. Tolosa