DONOSTIA. ETBko zuzendariak, Eduardo Barinaga, euskal telebista publikoa udazkenerako prestatzen ari den programazioaren berri eman du Eusko Legebiltzarrean. Gazteei zuzenduta, batetik, 'Gaztea' izeneko saio bat garatzen ari da eta interaktiboa izango da. Bestetik, 'Merlí' telesail katalanaren 39 kapituluak emango ditu, euskaraz bikoiztuta.

Elkarrekin Podemos-ek eskatuta, ETBren programazioa eskasa dela uste duelako, Barinagak haur eta gazteentzako programazioa azaldu du. Horrela, ekoizpen propiokoak diren eta haur eta gazteei zuzenduta dauden hainbat programen garrantzia azpimarratu du, besteak beste, '3txulo', 'Go!azen' eta 'Gu ta gutarrak'.

Udazkenari begira, garatzen ari diren saio baten berri eman du: 'Gaztea'. Izen bereko irratiarekin harremana edukiko du eta interaktiboa izango da. Gazteek bideoak bidali ahal izango dituzte beren kezkak zeintzuk diren azalduz.

Horrez gain, ETBk 'Merlí' telesail katalanaren 39 kapituluak eskuratu dituela jakinarazi du Barinagak eta euskarara bikoizten ari dira. Lehendik TV3 Kataluniako telebistan eta LaSextan eman da telesaila.