komunikazioa

Artxipelagoa, audio fikzio serie apokaliptikoa

EITBPodkast plataformarako ekoitzitako lana zinema batean estreinatuko da

28.09.2021 | 00:11
Aitziber Garmendia, Anartz Zuazua eta Eneko Sagardoy partaideen artean daude. Argazkiak: EITB

donostia Artxipelagoa urriaren 4an argitaratuko den zortzi ataleko soinu-fikzio distopikoa da. EITBPodkast plataformarako Ulu Mediak ekoitzitako telesaila da. Proiektu honetan teknologia binaurala erabili da; beraren bitartez entzulea ekintza gertatzen den espazioan kokatzen da, soinuz inguratuta, esperientzia murgiltzaile bihurtuz. 5.1 audioan nahastu den eta zinema batean estreinatuko den lehenengo audio fikzioa da. Aurrestreinaldia irailaren 30ean izango da, 19.30ean, Kursaaleko Ganbera aretoan.

Etorkizun hurbilean, kontinenteen zati handi bat urpean geratu da, tartean Europa gehiena. AEBko presidenteak Alaskan sustatutako petrolio-ustiaketarako findegi erraldoiek eta Saudi Arabiak Antartikotik eramandako izotz zatiak, azken bultzada eman diote lurraren beroketari eta glaziarren eta Poloen bat-bateko urtze lasterrak itsasoaren maila igotzea eragin dute hondamendia eta nahasmendua sortuz.

Tsunami moduko igoera honek ez du soilik herrialde osoak urpean geratzea eragin, baizik eta domino-efektu bizkor batean, telekomunikazioak, nekazaritza eta energia produkzioa ezereztatu ditu. Bizirik irautea lortu dutenek baliabide urriko eszenatoki berri eta zatitu batean mugitu behar dute. Euskal Artxipelagoan bizi den Jare neska gazteak baditu baikorra izateko arrazoiak hala ere. Batetik, urpetze aurreko munduari buruzko gauza harrigarriak kontatzen dizkion aitonarekin bizi delako. Eta bestetik, ur-azaletik gertu geratzen diren behialako mendi tontorretan burdin zatiak aurkitzeko trebezia duelako. Nahiz eta bere bilatzaile gaitasunak, ustekabean, azpijoko arriskutsu batean murgilaraziko duen.

Ideia originala Oier Aranzabal, Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberriarena da. Aranzabalek proiektua Juan G. Andresekin batera zuzendu eta ekoitzi du. Gidoia Xabier eta Martin Etxeberria anaiena da eta grabazioaz eta audio diseinuaz Xanti Salvador (Goya Saria La trinchera infinita filmagatik) eta Koldo Corella arduratu dira.

Talde artistikoan euskal interpretazioaren izen nagusiek parte hartu dute: Aitziber Garmendia (Jare), Eneko Sagardoy (Iker) eta Anartz Zuazua (Nizar), besteak beste. Beste protagonistak Iñaki Beraetxe (Aitor), Sara Cozar (kapitaina) eta Klara Badiola (Muñoz) dira. Soinu banda originala Rafa Ruedak eta Aritz Aranburuk egin dute. Kartela eta arlo grafikoa Xabier Sagastak egin ditu.

EITBPodkastera iritsi aurretik, nahi duenak ostegunean du Artxipelagoa entzuteko aukera Kursaaleko Ganbera aretoan izango den aurrestreinaldian, aforoa osatu arte. Gonbidapenak Kursaaleko txarteldegian eta webgunearen bitartez eskuratu daitezke.

noticias de noticiasdegipuzkoa