Hasiera batean egindako aurreikuspen ekonomikoak ez direla beteko argi daukate Zubimusu ikastolan, koronabirusaren pandemiaren ondorioz ekintza anitz bertan behera gelditu direlako. Gauzak horrela, egoerara etengabe moldatu behar izan dute Zubimusu ikastolan. "Ez da erraza izan aurten Kilometroak jaiaren antolaketari erantzutea. Hasierako asmoak behin eta berriz moldatu ditugu, momentuan momentuko egoerara egokituz", adierazi dute ikastolako arduradunek.

Diru iturri nagusietako bat arropa salmenta izan da, eta hori ere egokitu behar izan dute: "Villabonan dugun dendaz gain, ahal izan dugun heinean, Gipuzkoako herri guztietan zehar gure arropa saldu dugu, Gipuzkoako ikastolak ere bide lagun izan ditugu ekimen honetan bere laguntza eskainiz. COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiak etenaldi bat egitera behartu gintuen, baina ez ginen geldirik egon on line salmenta indartuz", esan dute.

Bestalde, Tanta izeneko ekimena ere eraman dute aurrera. Euskal Herriko berezko hezkuntza proiektuaren aldeko elkartasun adierazpena da Tanta, herritarrek ikastolen proiektuaren alde ekarpena eginez egikaritzen dena. "Bost euroko ekarpena eginez, Tanta txartela eskuratzen duzu eta erosten duten guztien artean 60.000 euroko zozketa batean parte hartuko dute. Ekarpen horri esker, ikastolok gure proiektua aurrera ateratzeko bultzada ekonomikoa jasoko dugu".

Hausnarketa

Duela zenbait urte ekin zioten ikastolek, Zubimusu ikastola tartean, hausnarketa pedagogikoari. "Haur Hezkuntza izan zen garai honi hasera eman zion etapa eta ondorenean pixkanaka-pixkanaka beste etapetara joan da zabaltzen prozesu hau. Hausnarketa pedagogiko honen helburu nagusia hezkuntza komunitatea osatzen dugun guztion ongizatea bermatzea da, beti ere, gure ezaugarrietara egokituz. Hasitako ibilbide honek, praktikaren etengabeko hausnarketa eskatzen du eta esan genezake amaierarik ez daukala, beti baitago zer hobetu", argitu dute.

Prozesu horren emaitza izan da 2zia izeneko egitasmo pedagogikoa. "Pertsonari bere bizitzaren ibilbidean oinarri sendoekin ekiten laguntzea da xedea, ikaskuntza egokiak bermatzeko testuinguruak eskainiz. Honekin, pertsona bere osotasunean garatzea dugu helburu, etapa eta adin tarte bakoitzak dituen berezitasunetara egokituz".

Ildo horretatik, Kilometroen antolakuntzarekin 2zia egitasmoari bultzada ematea izango dute helburu. "2zia proiektu pedagogikoa martxan jartzeak, bideratzeak, garatzeak eta gauzatzeak dakartzan gastuei aurre egiteko ezinbesteko bultzada izango da jaiarekin lortzen den dirua. Ikastolak gaur egun dituen maileguei koskatxo bat kentzeko ere balioko du".

Euskaraldia

Ikastolak beste hainbat egitasmorekin egiten du bat, Euskaraldia kasu. "Aurrera eramaten ditugun jarduera edo azpi-proiektu orok lotura zuzena dute gure egitasmoarekin. Euskaraldiak, esate baterako, gure ikuspegi pedagogikoarekin bat dator: euskaraz eta euskaratik bizi den pertsona eta gizartean parte hartze aktiboa duen ikasleak baititu helburu".