Bizitza kate luze bat da. Belaunaldi bakoitzak bere ezaugarri eta erronkak ditu. Erronkak eta irrikak, desioak, nahiak, sentimenduak eta gogoak. Baita tristezi eta une beltzak ere. Eta politikak, bizitzaren beste alor guztiak bezalaxe, xedeak, helburuak, bideak, taktikak eta estrategiak ditu. Nire desioak azaltzen ditut hemen, nireak dira, propioak, pertsonalak, partekatuak izan daitezke ala ez. Eta etorkizunari begiratzen diot, hurrengo belaunaldiei, nireak diren hurrengo eta etorkizuneko belaunaldiei, alabei eta bilobei.

Has nadin beraz. Politikan helburuak ezartzea garrantzitsua da, garrantzitsuagoa bidea eta bidean asmatzea. Sentimendu desberdinak elkarrekin biziko diren Euskadi nahi dut, guztion artean eraikitako herri proiektua, partekatua. Desio dut herritarren borondatea bizikidetzaren oinarria izatea eta akordio zabalak baliagarriak gertatzea erronken aurrean. Egunero lantzen eta irabazten den etorkizuneko proiektu batean sinesten dut, denok gara goiz ireki eta zabal horren ezinbesteko parte eta. Elkarrekiko harremanaren eta interdependentziaren aldeko apustu irekian sinesten dut. Merezi baitu saiakerak. Zeren fedea ez baita ikustea ez duguna sinesten, amestutakoa egi bihurtzea baizik. Sinesten dut politikaren helburua pertsona dela, haren duintasuna eta ongizatea. Uste dut bizikidetza normalizatua behar duen gizartea dela gurea, etorkizun politiko partekatua bermatuko duen eszenatoki baten eraikuntza kudeatzekoa alajaina. Eta, horretarako, funtsezkoa iraganaren irakurketa kritikoa egitea, egindako akatsetatik ikasi egin behar. Ezin, beraz, jarraitu samina arrastaka eramaten. Erabilitako indarkeri politikoa irakurketa epikotik erabat biluztu beharra aldarrikatzen dut. Ez gaitezen tranpa eginaz iruzur tristagarri horretan murgildu ezta gatazkaren eufemismoak eragindako mina justifikatzen duen kontakizun justifikagarri bati heldu ere. Kaltetako gezurra historikoa baita.

Berretsi behar indarkeriak mina besterik ez dakarrela. Ez duela ezer positiborik eraikitzeko balio. Errespetua eskatu behar zaiela euskaldun izan nahi duten euskaldunei eta baita espainiar izan nahi dutenei ere. Joko politikoaren arau demokratikoetan sinesten dut, halaber euskaldunok dugun erabakitzeko eskubidean. Esku luzatuen alde egiten dut. Ez dut nahasten negoziatzea ahultasunarekin, uste dut negoziatzea bizkorra izatea dela eta osasungarria, ez traizioa. Ez zaizkit gustatzen inora ez daramaten bideak. Ez naiz fidatzen marra gorriekin ezta lokarri sanitarioekin ere, intoleranteei eta sektarioei jarri beharrekoak izan ezik. Ilusioa pizten dit Euskadik, euskal nazioak, auzolanean eraikia, kohesionatua, solidarioa, justua eta inklusiboa. Espero dut egunen batean onartuko dela naturaltasun osoz abertzaletasunak euskal gizartearen maila zabaleko borondate legitimo eta demokratikoari erantzuten diola. Guztiak legitimoak diren identitate-pertzepzio desberdinak normaltasunean elkarrekin biziko diren eguna ikustea edota sumatzea espero dut. Elkarri jaurtitzeko armak izango ez diren identitate partekatuak zein egunetan aitortuko diren amesten dut. Erreformatu beharrekoa eraberrituko da eta gehiengoaren hitza eta borondatea errespetatuko. Han eta hemen negoziatu eta adostuko dugu.

Euskadin ez dugu ezer inposatuko. Ezer eragotziko Madrilen. Pragmatikotasun eraikitzailea landuko dugu. Ez ditugu printzipioak koiunturarekin nahastuko, mendi ertzetik tontorrerantz doan idi-pausoen gisa, aurrera eginez, eraikiz eta hobetuz. Maximoa onaren etsaia izatea saihestuko dugu, onena ahal denaren etsai izatea bezalaxe. Atxikimendu askearen eta gehiengo zabalaren beti alde. Konfiantza dut Euskadin, bertako emakume eta gizonengan, gure nortasunean; oraina eta etorkizuna marrazteko eskubidean sinesten dut. Integratzeko eta negoziatzeko dugun gaitasun zuhur eta ausartean sinesten dut, urrats seguru eta begirada luzean. Iragana idatzita dago, deskribatu dezakegu, ez aldatu. Etorkizuna da oparirik onena hurrengo belaunaldientzat. Hazi asko ez dira inoiz ernetzen, baina bada fruitu bat inoiz ernetzen ez dena, landatzeko adorerik izan ez dena. Euskadi gehiegi maite dut, bata bestearen aurrean eraikitzen uzteko. Ez, ez dut lubaki politikoen erosotasunean sinesten, bai ideia demokratiko guztien zilegitasunean. Estatutua betetzearen eta euskal lurren autogobernuak sakontzearen alde nago, aldebikotasunaren eta eskumenen blindatzearen alde. Zubi politiko eta aldamio posibilista eta pragmatikoetan sinesten dut. Eta Kontzertu politikoa galdatu. Eta landa eta ernetzen diren hazi guztietan.

Jakina da, Herri txikia osatzen dugula, euskaldunok gutxi garela eta hiru eremu administratiboetan zatituak gaudela, horrelaxe erabaki zuen Historiak bere abagune desberdinetan, baina halaz ere hemen gaude irmo eta zutik Herri bezala. Gara eta gaude, eta erabakia dugu asmoz eta jakitez, ekinaz eta zuhurtziaz izaten jarraitzeko. Ez diogu beldurrik etorkizunari, ez gara lehenengo euskaldunak egoera zailei aurre egiteko paradan gaudenok. Eta horretan ere sinesten dut.

Eta barkatu irakurle estimatua, baina itxaropenez eta desioz beteriko lerro hauek nire bi gogoeta plazaratu nahiko nizkieke, bihotzez, nire bi alabei, Leire eta Enarari, eta baita nire lau bilobei ere, hala nola, Noa, Natale, Eki eta Kairi nahiz eta egunkaritan idatzia izan, hala nola: euskaldunak gara Euskal Herrikoak hain zuzen, Euskadin bizi gara, euskal lurreko seme-alabak zarete, ez ahaztu hori inoiz, bere burujabetza posible eta osatuena bila dabilen herri honetako seme-alabak zarete, ez “txanda-pasarik” egin, jator jokatu, zintzo eta leial, lan egin etorkizuneko euskal gizartea hobea izan dadin. Zuek erabaki nola eta zelan, non, noiz eta zertan. Gu, zuen aita naizen eta ama Patri den, amona eta aitona garen gu biok, horretan saiatu, ginen eta gara eta horretan jarraitzeko asmoa dugu mundu honetan gauden arte. Jokoaren arauak errespetatu egin behar dira elkarrizketa sustatuz, irekia eta mugarik gabea izango den elkarrizketa bultzatuz, inor kanporatu gabe eta baldintza politikorik gabe ideiak bide demokratikoetatik bakarrik defendatzearen printzipioa errespetatuz. Gogo eta itxaropen garaiak datozkigulakoan nago. Zorionez. Bake garaiak, itxaropen eta aldarrikapen garaiak goiz-alba argi baten gisa alboan nabaritu nahiko nituzke eta ez soilik amets goxo baina supituki hautsi baten eran.

Eta bigarren gogoeta garrantzitsua, orain, gaur egun, globalizazioan murgilduta gaudelarik buru belarri, euskararen aldarrikapenaren aldeko gogoa, euskararen ezagutzapeenaren etengabeko aldarrikapena eta euskararen erabileraren xede eta helmugak, esaldi hark zioen bezala “zahar berri” esamoldeari heldu diezaiogun irmoki. Eman diezaiegun gure, zuen, ondorengoei gure aurrekoek eskueran utzi ziguten altxor preziatuena, zein baita euskararekiko atxikimendua eta konpromisoa solidarioa, hots, euskararen ezagutza eta erabilpena. Erabilpena, horra hor benetako hitz klabeenetan klabeenetakoa. Jarrai dezala kateak. Katea ez baita eten. Izan zirelako gara, garelako eta nahi dugulako izango dira, jaioko dira kimu berriak, ari dira sortzen.

Jakin ezazue Leire, Enara, Noa, Natale, Eki eta Kai gauza asko lortu direla. Eta onak. Baina badago, noski, hobetu beharrak, beti baitago hobetu beharrik.

Zuek ezagutzen duzuen gaur eguneko Euskadi, esfortzu, ahalegin eta kemen askoren emaitza emankorra da. Zuentzat normala den Euskadi hau euskaldun askoren, gizon eta emakume askoren egoskorkeriari esker lortua izan da, euskarari eta zazpi lurraldetako Euskadiri, urte ilun, latz eta zailetan, izandako atxikimendu zintzo eta leialari zor zaio. Oraindik badago lortu beharrik. Jarrai dezala kateak. Ez eten Herri honek daraman lehia etorkizuneko Europan eta munduan leku egoki baten bila. Oso aspalditik datorren Herri zahar bat gara, baina biziberrituz dagokigun etorkizuna gazte baten gisa bila gabiltza.

Zorte ona izan dezazuela seiak, Leire, Enara, Noa, Natale, Eki eta Kai. Bizitzan zehar norbait, estropezuz, lurrera eroriko balitz, ahalik eta lasterren zutitu dadila eta segi dezala aurrera, abestiak zioen bezala. Aurrera beti. Erortzean zutitu. Ez zimurtu. Zuen ama, eta amona, Patri den eta ni neu, zuen aita, eta aitona naizen, oso harro gaude zuetaz. Ahalik eta erarik txukunenean saiatu gara zuekin, geure borondate onenarekin izan gaituzue, beti. Dena dela, okerren bat egin izan bagenu ahaztu, eta ondo eginak gogoratu. Jarraitu geurekin kontatzen, gu geu “ahal dugun” bitartean prest (izango) gaituzue. Muxu bana. Bejondeizuela seioi. Ama eta aita.