Espainiako aurrekontuen inguruabarrean egon den adostasunak eta eragiteko erakusten duen ageriko ezintasunak, iraganeko ajeak indartzera eraman ditu ustez ezkerrekoak eta aber-tzaleak diren sektore batzuk. Itxarotekoa zen! Izan ere, beste era batera pentsatzen dutenak jazartzeko eta akabatzeko erabiliriko estrategiatik gertatu den aldentzea halako bide batek emaitzak eman ez dituelako izan da. Hots, giza eskubideekiko errespetuak, demokrazian desberdin pentsatzen dutenekiko begiruneak ez ditu estrategia aldatzera eraman.

Abiapuntu horrek azaltzen du EAJ alderdiaren lokalei eta egoitzei erasotzeko hartu duten bideak, bai eta Gipuzkoako Erraustegiaren harira nonahi eta nolanahi agertzen diren pankartak eta egin diren pintaketak. Horren harro azaltzen dira non hainbatetan ez duten ageriko eran-tzukizunik hartu nahi eta erdi ezkutuan ageri diren, norbaitek aurpegiratuko dien beldur dira eta. Zaila da ibilbide desberdinak dituzten korronteetan dabiltzanak egitasmo zehatzetan bat egitea halako gertaerak gutxietsi eta harira ez datozenekin beheratzen badira! Balorazio bera eginen luke erasoak iturburu duen sektore politikoetako egoitzek pareko gertaerak jasango balituzte? Arrazoizko eta neurriko hartu behar ote dira jokabide batzuk, gainontzekoek, gizartearen erabateko gehiengoak horrelakorik egiten ez duenean? Oinarrian iraganekiko irakurketa kritikoaren falta da. Inork ez du damurik eskatzen, bai, ordea, gaizki eginikoak onartzea, egindako oinazea baieztatzea eta estrategia hori erabat alboratzea ere, behar den indarrarekin eta sendotasunarekin urteetan erein den giroa onbidera-tzen saiatuz. Horren alde pedagogia soziala eskatzen da, berriro halakorik errepikatu ez dadin, inork izan ez dezan halako biderik hartzeko tentaziorik.

Ezker Abertzale deitutakoak izan zuen Gipuzkoan zaborren auziari irtenbide bat bilatzeko aukera... eta porrot egin zuen! Halaber, abagune ezin aproposagoa izan du EAEko aurrekontuak adosteko eta zenbait politika indartzeko... baina aukera pasarazi du, inguruan daudenei begira, berezko bidea eta proposamen egingarriak eta eragingarriak egiteko gauza izan ez delako... eta Espainian egonkortasunaren kontra ari da, horrek katalanei eta euskaldunoi mesede egingo digulakoan. Ahaztu egiten da Espainiako egonkortasunik ezak PP alderdia indartu duela soil-soilik, ezkerreko alderdiak haien artean norgehiagoka jardun dutelako. Ez hori bakarrik, Espainiako alderdiek gobernagarritasunean erantzukizunak hartzen dituztenean, katalanen zein euskaldunon eskakizunak ez dituzte aintzakotzat har-tzen. Horregatik alderdien beharrak eta ahuldadeak emankorragoak dira, desegonkortasuna bainoago.