Euskal kontsumitzaileak oinutsik
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 2003. urtean. Lege honek ezarri zuen Euskadiko herritarrek eskubidea dutela zerbitzu eta produktuei buruzko informazioa bi hizkuntza ofizialetan jasotzeko, bai eta Euskadiko lurraldean ari diren enpresa eta saltokietan nahi duten hizkuntza ofizialean jarduteko ere. Era berean, eskubide horien zehaztapena eta eskubide horiek baliatzeko arauak dekretu baten bidez emango zirela ezarri zuen. Izan ere, legeak jasotzen duenez, arlo guztietan batera ez, ezta ere arlo guztietan goizetik gauera, baizik modu progresiboan, bermatu behar dira aitorturiko hizkuntza-eskubide horiek.
Lege horrek 1979ko Euskal Autonomia Estatutuak eta 1982ko Euskararen Legeak diotena garatzen zuen. Izan ere, lehenbizikoak euskararen erabilera euskal gizartean bermatzeko beharrezko diren neurriak bideratzeko, eta bigarrenak, gizarte bizitzan oro har, baita merkataritza arloan ere, euskararen erabilera bultzatzeko erabakiak hartzeko, era guztietako merkataritza-entitateetako errotulazio eta paisaian euskararen erabilera bultzatzeko, betebeharra ezartzen die herri-aginteei. Zoru horren gainean eraiki zen, beraz, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza-eskubideak garabidean jarri nahi zuen 123/2008 Dekretua, 2008ko uztailaren batekoa.
Orain, Eusko Jaurlaritzak dekretuak eremu publikoan eta pribatuan ezarririko obligazioen betetze-maila zertan den azaldu du. Horrexetarako, berak bultzatuta, Ikei enpresak paratu duen txostena baliatu duela. Azterketa honi dagokionez, atentzioa deitzen du 2006 eta 2007 urteetan Siadecok, orduko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren enkarguz, administrazio publikoko ekipamenduen, EAEko udalerri guztietako, bai eta eremu pribatuko zerbitzu sektoreko hizkuntza-paisaia, erabilera-maila eta egoerari buruzko diagnostikoa ia kontuan hartu ez izana. Azterketa horren emaitzak hartu baitziren oinarritzat 123/2008ko dekretuaren eragin-eremua, betebeharrak eta horietara egokitzeko epeak zehaztu zirenean. Azterketa berriak egiten dituen azaleko aipamen urriak gorabehera, aukera ezin hobea galdu da dekretuak egoera hobetzen lagundu duen, zertan aurreratu -progresibotasuna- den, helburuak lortzeko onarturiko araubidea nahikoa izan ote den, bai eta gure legeek herri-aginteei ezarririko betebeharra ondo bete den objektiboki ebaluatzeko ere. Izan ere, ez zaio eginiko ibilbidea aztertzeari uko egin behar, ez eta noranzko horretan egin litekeen ekarpen oro erasotzat hartu behar ere.
Inguruabar horretan, 123/2008 Dekretuaren ekarpena aztertzeko orduan, badira beste hiru elementu azpimarratu beharko liratekeenak, nire ustez. Batetik, dekretua onartu ondoren, betebeharrak betetzeko ezarririko epeak luzatzeko, araubidearen eragina apaltzeko edo ezerezean uzteko, PP eta PSE-EE alderdiek garabidean jarri zuten estrategia oldarkorra, afektatutako sektoreak lasaitzera eta ezarririkoa ez betetzera bultzatu zutenak. Bestetik, dekretuaren betebeharretara egokitzen joateko, Eusko Jaurlaritzak abian jarririko diru-laguntzak ezerezean uztea. Amaitzeko, herri-aginteei legea betetzea eta betearaztea badagokie ere, azken honetarako izan ohi den heldulekuari espresuki uko egitea -araubidea bete ez dadin mezu hilgarria barreiatuz-. Azken hau gertatu zen aurreko legealdian 2/2012 Legea onartzean, eta, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen 2003ko legea aldarazi eta zehapen-erregimena hizkuntza-eskubideei ez zaiela aplikatuko ezartzean.
Ezer ez baita zuritzen duela zazpi urte esandakoak errepikatuz, ez eta ustezko egoera errealitatearen aurretik dagoela -horixe delako politikaren, besteak beste hizkuntza-politikaren joko-zelaia- baieztatuz ere... urteen joanean, dena ez dagoelako borondatearen, pertsuasioaren, nahi eta ezinean dabiltzan euskal hiztunen bizkar uzterik soil-soilik.