Batzuen batzuk, orain dela gutxi, Jaurlaritza eta bere Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Saila gordinki salatu dute, salaketa horren arabera “lotsagarria” omen da Sailaren jarrera euskararekiko. Nik dakidanez, lotsa sortzen duena da lotsagarria. Zaila zait, beraz, zinez diot, seriotasun eta objetibotasunaren bidetik abiatuz ulertzea Hezkun-tza, Hizkuntza politika eta Kultura sailak euskararekiko duen jarrerak lotsa sor arazten dion egon dagoenik. Lotsa? Niri lotsa, pena hobeto esan, beste zerbaitek sor arazten dit, hau da, hauteskundeak datozenez badela oraindik hautagai izanik arduragabeki euskara hauteskundeen lehiaketa ziztrinean sartzen duenik. En fin? Koldo Mitxelenaren beste hura datorkit gogora. Tamalez. Oraindik. Baina dena dela, lehenik eta behin esan dezadan erarik argienean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza politika eta Kultura Sailak gaur dakarkigun gaiari dagokionez helburu argia duela, hau da, ikasleen euskara gaitasuna hobetzea eta euskararen erabilera areagotzea duela xedea, horrela euskal gizartearen gehiengoaren borondatearekin bat eginez. Bata eta bestea, biak beraz, dira posible: gaitasuna hobetu egin daiteke eta baita ere erabilera areagotu. Salatzaileen esanetan ez omen dago EAEn eredurik “erabat” euskalduntzen duenik, “erabat” azpimarratzen dute. Horregatik artikuluaren izenburua: “Ikasleen euskara gaitasuna hobetzeko, analisi osoa, soluzio anitzak eta denon erantzukizuna”. Hitz eta esaldi errazetatik ihes, arduragabekeri antzua saihestuz, Sailaren Kabinete Zuzendaria naizenez gogoeta batzuk egitera behartuta aurkitzen dut neure burua. Egiari zintzoki eta leial zor natzaiola deritzot.
Herritarrak euskalduntzeko bide nagusiei erreparatuz gero, azken hiru hamarkadetako belaunaldiak batez ere eskolari esker euskaldundu dira. Euskaltegien laguntza ere ukaezina izan da, noski, helduak euskaldundu eta alfabetatzeko ezinbestekoak izan direlako. Eta irakasleei dagokienez, berriz, esan daiteke egia baita ez daudela eskoletan eta euskaltegietan bakarrik, familia bera ere irakasle baita, familian bertan, euskara jaso egiten da eta.
Gurasoek hala nahi dutelako, horixe baita beraien borondatea, behin eta berriz azaldu dutena hain zuzen, une honetan, gero eta gehiago dira eskola bidez euskaldun-tzen diren herritarrak. Euskaltegietan ere berdin, gaur egun, makina bat herritar euskalduntzen dira. Eta eskolaren eragina areagotuz joan den heinean, familiaren eragina txikituz joan da. Eta hori errealitatearen zati inportante bat da. Osatu beharrekoa, bai, noski. Baina, era berean ezinbestean kontuan izan beharrekoa, okerreko analisi partzialak eginez gero, okerreko bidea hartzeko arriskua baitago.
Eta analisia osatuz joateko bidean, datu esanguratsuak dira ondoren datozen honoko hauek: batetik, unibertsitatez kanpoko eskoletan hiru ikasletatik bik D ereduan ikasten du, eta gurasoen borondatearen gaur egungo joerak aurrera egiten badu, hamar urte barru ikasleen gehiengo oso zabala izango da D ereduan, une honetan 2 urteko geletako 10 ikasleetatik 8 ari baita D ereduan. Bestetik, hiru ikasletatik bi, familia erdaldunetan bizi da. Gure eskoletan, etxetik anitzak diren ikasleak ditugu, eta, aniztasun horretan, gaztelania dute nagusi etxean. Horrek eragin zuzen-zuzena du ikasleen hizkuntza-gaitasunean eta hizkuntza-erabileran. Testuinguru horretan kokatu behar dira, beraz, euskal ikasleek euskaraz eskuratzen dituzten lorpenak. Lorpenak diot, ikasleen lorpenak, hauek galerak baino handiagoak baitira.
Esan bezala, lorpenak galerak baino handiagoak dira, eta hau horrela izanik Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren balorazioa positiboa da beraz. Baina Saila ezin da, ez da, horregatik konformatu, besoak gurutzatu eta horretan geratu, ez, alderantziz. Euskarazko emai-tzak hobetu behar ditugu, hobetu nahi ditugu eta hobetu ahal ditugu. Eta Ikasleen euskarazko emaitzak hobetu ahal eta hobetu nahi ditugunez gero, ikastetxe bakoitzeko hobekuntza-plana ez ezik, euskararen ezagutza hobetu eta erabilera areagotzeko neurri orokorrak bideratzen ari gara, nazioarteko eta bertoko balio erantsi handiko praktikak aintzat izanda. Neurriak hartzen hasita gaude. 2014-15 ikasturte honetan, esaterako, A ereduko taldeak dituzten hainbat ikastetxerekin euskarazko ikasgaia kopurua gehitzen hastea adostu dugu, legez eta izatez neurri guztiz bideragarria baita hori. Horrekin batera, 2015-16 ikasturtean, B eredua eskainiko da lehen aldiz Batxilergoan eta Lanbide Heziketan; hartara, DBH B ereduan bete duten ikasleek B ereduan jarraitu ahal izango dute aurrerantzean.
Eredu guztietan eta D ereduan bereziki, ikastetxeak eta Saila koordinatuta, joka dezakegu, irakasleen hizkuntza-gaitasuna eta hizkuntza irakasteko moldeak egokitu eta hobetzeko. Irakasle guzti-guztien egitekoa da hori, hizkuntza-irakasleena zein gainerako ikasgaietakoena. Era berean, ikastetxeoi zein Sailari, gazteen eskolaz kanpoko jardunean ari diren eragileekin lankidetzan jokatzea dagokigu. Ereduak batzuk zein besteak izan, eraginkorragoak izan behar dira. Erantzukizuna, denona da. Ikastetxe bakoitzak, bere hobekuntza-plana du horretarako. Zenbait neurri edozein gaitasun hobetzeko baliagarriak izango dira, euskarazko gaitasuna izan, atzerriko hizkuntzetako gaitasuna izan edo beste edozein gaitasun izan.
Atzerriko ikerketek eta bertan egindakoek norabide garbiak eman dizkigute. Badakigu jakin, hezkuntza proiektu argia duten ikastetxeek, lidergodun zuzendaritza-taldeek, ikasleen jarraipena egiten duten irakasleek edota familiekiko harremanek nabarmen emaitza hobeak ematen dituztela. Neurri guzti horiek, orokorrak eta espezifikoak, denak dira baliagarri eta beharrezko. Gauzak horrela, eta ikasleak bezain anitzak diren hizkuntza-ereduak ditugularik, argi dago hizkuntza ereduen aniztasun hori murriztea eta eredu bakar bat bihurtzea ez dela soluzioa. Ereduak malguak eta anitzak dira, eta are eta ani-tzagoak izan beharko dira aurrerantzean. Analisia osoa izan behar da, soluzioak anitzak dira, eta erantzukizuna, denona.
2014ko uztailaren 1ean “Euskararen Zelaik” artikulu bat idaztea gogoko izan nuen. Artikulu haren amaieraren pasarte pare batekin bukatu nahiko nuke gaurko hau. Honelaxe nioen garai hartan: “Garai berriek modu eta errezeta berriak eska-tzen dituzte. Ez dogmarik. Ez dogma eta ikuspuntu zaharkiturik. Bai ikuspuntu irekiak (?) Egon badaude, zoritxarrez eta tamalez, era guztiz partidistan erabiltzen ari direnak euskara. Pena eta tristura. Euskararen etorkizunak merezi ez duen jarrera guztiz baldarra alajaina. Euskararekin politika egin behar da eta ez euskara politizatu. Ahaztu ditzagun beraz epe mo-tzerako portaera elektoralistak.
Erantzukizuna denona da: Euskera ahulegia da armatzat hartzeko eta.