Danbor hotsak dira nagusi egunotan Zurriola Ikastolan. Aurtengo ospakizuna, ordea, erabat ezberdina izango da, pandemia dela eta. Gurasoak aurrean izan gabe haurrek danborra joko dute aurten ere, segurtasun neurri guztiak zainduz, baina San Sebastian eguna behar den bezala ospatuz. 1.326 ikasle ditu gaur egun Donostiako Gros auzoko hezkuntza kooperatiba honek. 50 urte baino gehiagorekin, kalitatezko euskal hezkuntza eskaintzea du helburu, irakaskuntzarako proiektu berritzaileak oinarri hartuta. Zurriolako Ikaslearen Irteera Profilak (ZIIP) Zurriola Ikastolako ikaslearen ezaugarri-bilduma definitzen du. Horren arabera, ondoko ezaugarriak dituen ikaslea heztea du xedetzat: euskalduna eta euskaltzalea, komunikatzaile eleanitza, bizikidetzaren sustatzailea, autonomoa, kooperatiboa, ekintzailea eta baliabide teknologiko eta digitalen erabiltzaile eraginkor eta arduratsua, besteak beste. Izan ere, Zurriolako komunitateak bere inguruan eragin nahi du, Donostia eta Euskal Herri hobe batetik mundu hobea eraikitzeko begirada eta jarrera arduratsua izanik. Lehen aipatutako ikaslearen profila ardatz hartuta, marko pedagogiko eta metodologikoa osatu du. Konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik, Euskal Curriculumaren garapena gauzatzen du, etapa eta arlo guztiak marko komun horretan oinarrituz.

Etapaz etapako ezaugarriak Haurraren eta etorkizunean izango den helduaren bizitza, hein handi batean, haurtzaroan izandako esperientzien araberakoa izango da. Honela, familiekin lankidetzan, haurraren garapen osoa bideratzea da Haur Hezkuntza etaparen xede nagusia. Haurrarekiko errespetua, konfiantza eta bere segurtasun fisiko eta emozionala bermatzea dira lehentasunak, hezitzailea haurraren bidelagun izanik.

Lehen Hezkuntzan, 6 eta 12 urte arteko haurraren berezko ezaugarriak hartzen dira kontuan, ondoko alderdiak indartzeko helburuarekin: pentsamendu logikoaren garapena, deszentralizazio afektiboa, taldearen garrantzia, autonomia eta ikasketa-teknikak, besteak beste. Aniztasuna aintzat hartuko da, testuinguru ezberdinak eskainiko dira (zuzenduak eta autonomoak, bakarka eta taldeka, etab.), esperimentazioa eta manipulazioa sustatuko dira, eztabaidak eta hausnarketak bultzatu, eta abar.

Derrigorrezko Bigarren Hezkun-tzan ikaslea nerabezaroan sartzen da bete-betean. Sasoi honetan garran-tzi berezia izango dute pertsonaren garapen biologiko, psikologiko, sozial eta sexualak. Etapa honen helburua ikasleek jasotako edukiak eta analisirako gaitasuna lantzea eta garatzea da. Irakasleak tresnak emango dizkio egoera berri horiek ebazteko eta baliabide desberdinak eskainiko dizkio bere ibilbidean aurrera egin ahal izateko.

Batxilergoa, berriz, kanpo-ebaluazioek (USE), maila egiaztapenek, eta neurri handi batean irteera profilaren gertutasunak baldintzatzen du. Hala ere, bakarka zein taldeka, etapa honetan ere ikaslea modu aktiboan aritzea da helburua. Eskola ibilbide osoan zehar prozesu autonomoak ugaltzea, egoera errealekiko erronkak ebaztea, kolaborazioa eta kooperazioa sustatzea eta IKTak tresna arrunta bilakatzea dira xede nagusiak.