Gipuzkoako ikastolek eta eskolek azken hamarkadetan izandako ikasturte ezohikoena izaten ari dira aurten. Pandemiak hankaz gora jarri ditu ikastetxeen dinamikak eta aurrez aurreko klaseak aurrera eraman ahal izateko neurri berriak hartu behar izan dituzte guztiek. Dena den, oraina atzean utzi gabe etorkizunera begira ere hasi behar dute familiek. Hain zuzen, hurrengo astelehenean, urtarrilak 18, irekiko da 2021/2022 ikasturteko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako aurrematrikulazio epea Euskadiko ikastetxe guztietan, hilaren 29ra arte luzatuko dena. Eskabideak eta egiaztagiriak online bidez edo aukeratutako lehenengo ikastetxean aurkezteko aukera izango da. Behin-behineko zerrendak martxoaren 9an argitaratuko ditu Hezkuntza Sailak eta behin betikoak, berriz, martxoaren 23an ateratzea aurreikusten da.

Ikasturte honetako matrikulazio datuei erreparatuta, argi dago D eredua nagusi izaten jarraitzen duela Gipuzkoako ikasleen artean. Hezkuntza Sailak argitaratutako datuen arabera, aurten 132.372 ikasle daude lurraldeko Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. Gazteen %80ak euskara hautatu du hezkuntzako hizkuntza nagusi moduan, iaz baino puntu bat gehiago. Euskadin, aldiz, ikasleen %66a ari da D ereduan ikasten.

Datuak datu, COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, Gipuzkoako ikastetxe guztiek neurri eta protokolo berriak hartu dituzte aurrez aurreko klaseak aurrera eraman ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak landutako protokolari jarraiki, badira ikastetxe guztiek ezarri dituzten oinarrizko neurriak ikasleen arteko kutsa-tzeak ekiditeko. Besteak beste, musukoen derrigorrezko erabilpena sei urtetik gorako gazteentzat, ikasle talde bakoitzeko burbuilak mantentzea, ikasgelak maiztasunez aireztatzea edota ikastetxera sartu aurretik tenperatura hartzea ikastola eta eskola guztietan jarrai-tzen diren prozedurak dira.

Bakoitzak bere bidea

Oinarrizko araubide horietatik aparte, ikastetxe bakoitzak bide desberdinak hartu ditu haren espazioak seguruak bilaka daitezen. Beasaingo Ikastolaren kasuan, lehenengo itxialdian ekin zioten aurtengo ikasturteko protokoloa diseina-tzeari. "Uztailaren hasieran komunikatu genien gurasoei hartutako neurri eta arau berrien inguruan. Metro eta erdiko segurtasun tartea baino bi metrotakoa bermatzea lortu dugu ikasgela txikienetan egiten ziren klaseak liburutegira edo teknologia gelara bezalako espazioetara eramanez", dio ikastolako zuzendaria den Tere Irastortzak. Halaber, ikastetxeko korridoreetan lanak egin dituzte ikasleak zuzenean geletara sar daitezen.

Beasaingo Murumendi eskolari dagokionez, geletako tamaina, leiho kopuruak eta errezintoko dimentsioak lagungarri izan dituzte egoera berri honetan. "Hartutako neurriek aldaketa handiak suposatu dizkigu. Gure Amara Berri Sistema pedagogikoan eragin handia izan dute, ikasleen arteko elkarlana eta partekatutako gelen erabilera mugatu behar izan ditugulako", aitortzen dute Karmele Arraiza zuzendariak eta Marije Izagirre ikasketa buruak. Hondarribiko Ama Guadalupekoa ikastetxean ere eskaileren eta bainugelen erabilera kurtsoen arabera banatu dituzte burbuilak mantentzeko eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan sarrera-irteera mailakatuak antolatu dituzte, Gipuzkoako beste ikastetxe askotan bezala.

Halaber, Covid arduradunaren figura ikastetxe guztietara zabaldu da. Beasaingo Ikastolaren kasuan, erizaina den ikasle batek hartu du ardura. "Bere gomendioak eta jakinduria ezinbestekoak izan dira gaixotasuna nola kutsatzen den jakiteko. Gainera, gurasoen juntan osasun langile bat dugu", zehazten du Irastortzak. Murumendi eskolan, berriz, Koloretako munstroa eta astronauta izeneko ipuina sortu dute figura berri honen inguruan ikasleek zuten beldurra uxatzeko. "Gela guztietan landu zuten Covid arduraduna bertan zela eta arrakastatsua izan da. Normalizatu egin da bere presentzia", diote Arraizak eta Izagirrek.

Ikastetxeen garrantzia

Harrigarria dirudien arren, Beasaingo bi ikastetxetako arduradunek bat egiten dute ikasleek ikasgeletara itzultzeko zuten gogoaz. "Aurreko konfinamendua gogorra egin zi-tzaien. Kideekin eta irakasleekin egoteko beharra eta irrika zuten", azaltzen dute Murumendi eskolako arduradunek. "Umeek klaseak ematen duten normaltasun itxura hori behar dute. Ikasle batzuk sentikorragoak itzuli direla somatu dugu", dio Beasaingo Ikastolako zuzendariak.

Ikasleek neurri berrien garrantzia ulertzeko arazorik ez dutela izan uste dute Karmele Arraizak eta Marije Izagirrek: "Irailean azaldu genien horien zergatia eta honek bidea erraztu digu. Erantzuna oso egokia izan da, errespetu osoz joka-tzen dute". Momentuz, Murumendi eskolan eskolaz kanpoko ekintzak atzeratzea erabaki dute kutsatzeen arriskua murrizteko.

Orain arteko ikasturte "berezi" honen balorazioaz galdetuta, kontent agertzen dira Murumendi eskolan: "Kontingentzi plana zorrotz martxan jarri genuen eta gure ustez honek bere fruitu onak izan ditu. Oso gela gutxi konfinatu ditugu eta ikasle gutxi izan dira etxean gelditu behar izan dutenak". Tere Irastor-tzak, berriz, ikastetxeek duten garrantzia nabarmentzen du: "Ikastetxe bezala gizartea lasaitzeko ardura dugu".

En las cooperativas el capital es de todos los trabajadores y posee más capital que los demás