Ikastolen Elkartea 1991-92 ikasturtetik darama jolas didaktikoak sor-tzen. Proiektu honen helburua gure herri tradizioan oinarritutako baliabide didaktikoak eta ohiko jolas didaktikoak euskaraz garatzea da, ikastolei beren hezkuntza proiektua gara-tzen laguntzeko. Egitasmo honen lehenengo fruituak Olentzero pertsonaiari lotutako materialak izan ziren eta gaur egun hezkuntza-jolas ugari dituzte katalogoan.

"Jolasak heziketan duen garrantzia kontuan hartuta, euskara ardatz, eskolaz kanpoko jarduerei, aisialdiari eta familian etxekoen artean jolasteari geure ekarpena egiten diogu egitasmo honekin", dio Nerea Arregik, Ikastolen Elkarteko jokogintza arduradunak. Azaldu duenez, "gure azken helburua euskaraz bizitzea da eta, horretarako, jolasa tresna ezin hobea dela iruditzen zaigu". Izan ere, jolasterako orduan emozioak pizten dira eta emozio horiek euskaraz izatea oso garrantzitsua da euskararekiko atxikimendua garatzeko.

Kontuan hartu behar da azken hamar urteetan euskararen kale-erabilerak gora egiteari utzi diola eta, mantendu ordez, beheranzko joera hasi duela. Horregatik, lan handia dago egiteko oraindik. "Ikastolen Elkartean lanean dihardugu eremu formalean eta ez formalean euskararen erabileran emaitza hobeak lor-tzeko. Familietan ere beharrizan handia dago".

Bide horretan, jolas hauek euskaraz izateaz gain, euskal kultura ere sustatzen dute. Esaterako, Euskal Herriko tradizioa (Olentzero, Mari Domingi€), euskal jaiak, euskal pertsonaiak, euskal mitologia€ dute oinarri. "Euskal Curriculuma da gure beste oinarrietako bat, gure jolas guztietan islatzen dena", azpimarratzen du Arregik. Horrez gain, Argitxo da jolas gehienetan protagonista. Adibide gisa, Argitxo antzara jokoa jolasean, euskal mitologiako pertsonaiekin jolasteko aukera dago.

Heziketaren parte

Gauzak horrela, proiektu honek haurren heziketan garrantzia handia du. Izan ere, jolasa gizarteratzeko bitarteko oso garrantzitsua da eta beste pertsonekin harremanak izatera bultzatzen du. Ikastolan edo eskolan, haurra sozializatzen den lekuan, jolas hauek bere lekua dute. Baita eremu horretatik kanpo ere: "Eskolaz kanpoko jarduerek gero eta pisu handiagoa dute eta horretan dihardugu azken urteotan", dio jokogintza arduradunak. Gainera, aurtengo jolasek, adibidez, formatu eramangarria dute eta etxean edo lagunartean erabiltzeko aukera ematen dute.

Jolas bakoitzak hainbat konpeten-tziatan eragiten du aldi berean: Norbera izaten ikasi, elkarrekin bizitzen ikasi, ahoz eta idatziz komunikatzen ikasi, konpetentzia motorra garatu, ikasten eta pentsatzen ikasi, etab. Horiez gain, Haur Hezkuntzako jolasek konpetentzia afektiboak (norbere burua onartu... ), gizarteratzekoak (aniztasuna onartu...), motoreak (koordinatu...), komunikatiboak (hizkuntz baliabideak erabili...) eta kognitiboak (arreta jarri, ordenatu....) garatzea baimentzen dute. Lehen Hezkuntzakoen kasuan, jolas motaren arabera matematikarako konpetentzia, gizarte zientziei lotutako konpetentzia edota atzerriko hizkun-tzarako konpetentzia lantzen dira. "Horrexegatik iruditzen zaigu baliabide oso aberatsa, aldi berean hainbat eremutan eragiten duelako jolasak eta disfrutatuz".

Orokorrean, neska-mutilen adinari ondo egokitzen diren erako jolasak dira, adin tarte zabal batentzakoak. "Jolas mota ezberdinak ditugu bilduman, baina guztietan dugu oinarrian hezitzaileak izatea, berdintasun printzipioetan oinarritzea, elkarbizitza bultzatzea€ Jolas bakoitzean informazio psikopedagogiko ugari eskaintzen dugu", adierazi du Nerea Arregik. Horrez gain, berdintasun printzipio horiek sormen prozesuaren hainbat fasetan izaten dituzte kontuan: jolasa aukeratzean (ez-sexista izatea), jolasaren eduki zehatza garatzeko orduan (ilustrazioak, ager-tzen diren pertsonaiak definitzerakoan€) eta jolas bakoitzaren erabilera planteatzean (kooperazio jarduerak lehenetsiz).

Katalogo zabala

Une honetan 25 jolasek osatzen dute Ikastolen Elkarteko bilduma. Urtez urte egitasmo hau gero eta ezagunagoa dela esan daiteke eta, bai ikastoletan, ikastetxeetan nahiz gurasoen aldetik, erantzun oso ona jasotzen ari dira. Horrez gain, "Gabonetako katalogoan, Ikaselkar legez argitaratzen dugun katalogoan, hainbat material mota desberdin ditugu (ipuinak, komikiak...)", dio Arregik. 160 erreferentzia inguru ditu katalogo honek eta urte guztian dago eskuragarri. Jolas guztiak ohiko saltokietan aurki daitezke salgai, baita online ere.