Euskalgintzaren Kontseiluak adierazpen berria aurkeztu du Arantzazun: ‘Euskaltzaleon garaia da’
Euskararen ‘larrialdi egoeratik’ ateratzeko Abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin dute
Euskalgintzaren Kontseiluak ‘Euskaltzaleon garaia da’ adierazpen berria aurkeztu du Arantzazuko Santutegian, antolatzaileen esanetan euskararen eta euskaltzaletasunean garrantzi handia duen kokapena baita”. Arantzazuko ekitaldian euskalgintzako eragile nagusien ordezkariez gain, erreferentziazko euskaltzale ugarik ere parte hartu dute. Kontxita Beitia andereñoak, Miren Azkaratek, Mertxe Mujikak, Kike Amonarrizek, Lorea Agirrek eta Paul Bilbaok, besteak beste.
Arantzazun egon ezin izan diren atxikimendua eman duten erreferentziazko beste hainbat euskaltzale ere goraipatu nahi izan ditu Kontseiluak. Mari Karmen Garmendia, Xabier Euzkitze, Anjeles Iztueta edo Martxelo Otamendi, esaterako.
Adierazpena
Euskalgintzaren Kontseiluak ohartarazi duenez, gaur egun "larrialdi linguistikoan" gaude. Azken urteetan euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuak atzerapauso arriskuan daude, eta globalizazioak nahiz digitalizazioak hizkuntza nagusiak indartu bitartean, euskara bezalako hizkuntza txikiak gero eta ahulago geratzen ari dira.
Adierazpenak, hala ere, ez du etsipenera deitzen. Alderantziz, “euskarari Pizkunde berri bat emateko lehen argi-izpia” piztu nahi du. Euskaltzaletasuna, bere funtsenean, itxaropena dela gogorarazten du, eta itxaropen hori ekintzara eramateko garaia dela. Euskaltzale izatea ez da soilik euskara jakitea, baizik eta hizkuntza-aniztasunaren, berdintasunaren eta justiziaren aldeko jarrera politikoa izatea.
Testuak azpimarratzen du eguneroko milaka keinu eta erabaki txikik osatzen dutela euskararen biziberritzearen oinarria, baina aldi berean beharrezkoak direla erabaki politiko sendoak. Euskararen ofizialtasuna Iparraldean eta Nafarroa osoan, eta Hegoaldean gertatzen ari den desofizializazioaren aurrean babes irmoa, besteak beste.
Euskaltzaleen historia itxaropenetik eraiki da, eta manifestuak gogorarazten du bide hori ez dela amaitu: “Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz. Euskaltzaleon garaia da.”
Euskararen ‘larrialdi egoeratik’ ateratzeko Abenduaren 27an Bilbao Arena euskaltzalez betetzeko deia egin du Kontseiluak adierazpen berria aurkezteaz gain, itxaropena eta ekimena uztartuz euskararen aldeko pizkunde berria bultzatzeko helburuarekin. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, www.pizkundea.eus webgunean.