Milaka nerabe begietan ilusioa eta buruan galderak zituztela Donostiako Kursaalera sartu dira goizean, etorkizunari leiho bat irekitzeko asmoz. Kutxa Fundazioak antolatutako ‘Inspira Bizitzak’ jardunaldiak gazteen artean zer nolako interesa pizten duen erakutsi du beste behin. Orientazio profesionalerako topagune bihurtu da berriro ere jardunaldia, non jakin-mina, emozioa eta esperientzia bat egin diren ikasle eta profesionalen artean.

Aurtengo edizioan, Gipuzkoako ikastetxe ezberdinetatik etorritako DBH 4. mailako eta batxilergoko 1.800 ikasle inguruk hartu dute parte, 80tik gora profesionalekin batera, hezkuntza eta enpresa arloetakoak gehienak, baziren ordea, osasuna, ikerketa, teknologia eta sormenaren munduetatik etorritakoak ere. Goizean zehar, hamar bat hitzaldi inspiratzaile eskaini dira Kursaaleko areto nagusian, eta ondoren, eraikineko korridoreak elkarrizketa-gune zabal bihurtu dira, non ikasleek aukera izan duten zuzenean profesionalekin hitz egiteko, zalantzak partekatzeko eta aholkuak jasotzeko.

Begirada etorkizunean duen jardunaldi hori Kutxa Fundazioaren Inspira Bidaiak programaren barruan kokatzen da, eta gazteen garapena bidaia bailitzan irudikatzen du, bakoitzak bere bidea aurki dezan. “Gazteei erreferente errealak eskaintzea da gure helburua, entzun, hausnartu eta inspiratu daitezen", azaldu du Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioaren zuzendariak.

Javier Rey, Beñat Martin eta Unai Gallardo, Ekintza ikastetxeko ikasleak. Javier Colmenero

“Jardunaldi aberasgarria”

Milaka ikasleen artean egon diren Beñat Martinek eta Unai Gallardok, Ekintza ikastetxeko ikasleak biak, irribarrez azaldu dute bizitako esperientzia. Beñatek aitortu duenez, “Zientzietara jo nahi dut, letrak ez zaizkit gustatzen, eta hitzaldiak oso lagungarriak izan zaizkit zer ikasi nahi dudan pentsatzerako orduan. Ingeniaritza edo bio-medikuntza artean nabil”. Unaik, berriz, medikuntzaren inguruko azalpenak “oso interesgarriak” izan direla aipatu du, eta arloa beste ikuspegi batetik ikusteko “mesedegarriak” izan direla. “Psikologiaren mundua ere oso interesgarria iruditzen zait, gure eguneroko bizitzarako beharrezkoa delako”, gehitu du.

Bi gazteek irribarretsu aitortu dute goizeko saioa “pixka bat luzea” egin zaiela, baina stand-en gunea asko gustatu omen zaie. “Medikuntza eta Mondragon Unibertsitateko standetan geratu naiz, eta aukera berriak ezagutu ditut”, esan du Beñatek. “Nik psikologia eta medikuntzako esku-orriak hartu ditut, eta ideia batzuk baztertu baditut ere, beste batzuk piztu zaizkit”, gehitu du Unaik.

“Psikologia eta medikuntzako eskuorriak hartu ditut, eta ideia batzuk baztertu baditut ere, beste batzuk piztu zaizkit”

Unai Gallardo - Ekintza ikastetxeko ikaslea

Jardunaldian parte hartu duen profesionaletako bat Mireia Centeno izan da; haur eta nerabe psikologian aditua da, eta bere lanbidearen garrantzia azpimarratu du: “Eskoletan psikologoaren figura ezinbestekoa bihurtu da”, azaldu du. “Askotan, bi saio nahikoa izaten dira haur bati laguntzeko, eta horrek asko errazten du irakasleen lana. Ikasteko oinarrietako bat emozioak zaintzea izaten da”. Jardunaldiaren hariari tiraka, bere ustez, etorkizunari buruz pentsatzean ikasle askok antsietatea sentitzen dutela azaldu du: “Zalantzak izatea normala bada ere, garrantzitsuena norberaren bidea bilatzen hastea da”.

Ander Izeta, BioGipuzkoako ikertzailea, beste ikuspegi batetik hurbildu da gazteengana. “Askok uste izaten dute ikertzaile izateko oso adimentsua izan behar dela eta pertsona bereziak garela, baina ez da horrela. Gakoa motibazioa da”, azaldu du. Sei patente lortu ditu bere ikertzaile ibilbidean zehar, eta gakoa “lan gogorra eta ilusioa” direla argi utzi nahi izan die ikasleei. “Zientziaren munduak langile berriak behar ditu, eta gazteak horretaz jabetzea gustatzen zait”, gaineratu du.

Mikel Izeta, BioGipuzkoako ikertzailea. Javier Colmenero

Ideia eta ilusio asko

Jardunaldiaren amaieran, giro bizi-bizia antzematen zen Kursaaleko pasabidetan. Liburuxkak eskuetan, ideiak buruan eta irribarrea nagusi ikasle eta profesionalen aurpegietan. 'Inspira Bizitzak' esperientziak, zalantzak eta ametsak partekatzeko topagune berezi bilakatu da beste behin. Kutxa Fundazioaren eskutik, milaka gaztek aukera ederra izan dute gaur, euren etorkizuneko bidaian lehen urratsa emateko.

"Zientziaren munduak langile berriak behar ditu, eta gazteek hori ikus dezaten gustatzen zait”

Mikel Izeta - BioGipuzkoako ikertzailea

'Inspira Bizitzak' ez da, ordea, egun bakar bateko ekitaldi hutsa. 2011n jarri zuen martxan Kutxa Fundazioak, eta ordutik hona 7.500 ikasle eta 740 profesional baino gehiago pasa dira proiektu horretatik. Urtez urte hazten joan da, eta aurten lehen aldiz egin da Kursaalen, beti ere hasierako helburu nagusia aldatu gabe: nerabeei euren gaitasunak, pasioak eta aukerak deskubritzen laguntzea, etorkizunari beldurrik gabe begiratu ahal izateko.